nahastura
iz. Zenbait gai nahasiz sortzen den gaia. Altzairua ikazkai eta burdinazko nahastura bat da. v Kim. Zenbait gai kimiko nahasiz sortzen den konbinazio edo sistema. Nahasturaren osagaien artean ez da erreakzio kimikorik gertatzen eta baliabide fisikoz edo mekanikoz bereiz daitezke osagaiak, irazketaz edo destilazioaz esate baterako. Nahastura jakin batek dituen tasunak haren osagaien tasunen multzoa dira; gai konposatu batek, berriz, bere tasun propioak ditu, askotan bere osagaiek dituztenen desberdinak izaten direnak. Nahastura gehienetan ez da osagaien proportzioa kontuan hartu beharrik; nahastura batzuek ordea, badituzte mugak eta horietan proportzio jakin batzuk gaindituz gero nahastura ez da gauzatzen. Nahastura gertatzen denean ez da bero aldaketarik izaten (disoluzioen kasuen ez ezik). Osagaiak uniformeki nahasirik dituen nahasturei nahastura homogeneo esaten zaie, eta osagaiak atomo zein molekula mailan nahasirik dituzten nahasturak dira; disoluzio kimikoak esate baterako, nahasturak dira (ik. disoluzio). Osagaiak ez-uniformeki nahasturik dituzten nahastura motei, berriz, nahastura heterogeneo izena emanten zaie. Bestalde, nahasturak naturalak (airea, petrolioa, esnea eta odola adibidez) edo artifizialak (altzairua, beira, zementua edo plastikoak besteak beste) izan daitezke.