Nagy, Imre
Hungariako politikaria (Kaposvar, 1896 - Budapest, 1958). Jatorriz nekazaria zen, kalbinista, lurjabe handien eta katolikoen aurkakoa. Bela Kun-en gobernu iraultzailean parte hartu izanagatik preso egon zen, 1927tik 1930era. Ondoren 14 urte (1930-1944) eman zituen Sobietar Batasunean. Alderdi komunistan sartu eta nekazaritzako aholkularia izan zen. Bigarren Mundu Gerra bukatzean Hungariara itzuli zen eta 1944an eta 1945ean nekazaritzako ministroa izan zen. Bitarte horretan egin zen nekazaritzako erreforma. Hurrengo urtean Barne Arazoetako ministroa izan zen. Lurjabe txikiei zeukatena uztearen alde agertu zen 1946an, erabateko kolektibizazioaren aurka 1947an, eta Rajk gobernutik botatzearen kontra 1948an. Aginpidetik kanpora eta alderdian baztertua egon ondoren, 1953an, Malenkov-ek hala eskatuta, berriz ere Lehen Ministro egin zuten. Malenkov Sobietar Batasuneko gobernutik kendu zutenean, inolako kargurik gabe utzi zuten Rakosi-k eta Gerö-k (1956). 1956an bertan, Budapesteko matxinadaren ondoren, gobernuko buru egin zuten berriro, baina Sobietar Batasuneko gudarosteak sartu ziren Hungarian eta atzerrira alde egin zuen, aurrena Jugoslaviara eta gero Errumaniara. Handik ekarri, epaitu eta hil zuten 1958an.