Nabaskoze
Nafarroako ekialdeko udalerria, Zaraitzu ibaiaren ezkerraldean (Zangozako merindadea). Navascués du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Urraulgoiti eta Galoze; ekialdean, Burgi eta Salvatierra de Ezka (Zaragoza, Aragoi); mendebalean, Urraulgoiti, eta hegoaldean, Erromantzatua eta Gazteluberri. Garaiera, 636 m. 96,18 km2 eta 233 biztanle (nabaskoztarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Aspurtz, Nabaskoze (herriburua) eta Ustaize. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Euskara XIX. mendean galdu zen. Zerbitzuak (administrazioa eta merkataritza, langileen % 52) eta nekazaritza (garia, garagarra, ardi eta behi azienda; langileen % 35) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XIV. mendeko San Kristobal eliza gotikoa eta XII. mendeko Ama Birjina Larreko eliza erromanikoa. v Historia. 1014. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Nabaskozeko herria. 1185. urtean jaso zuen Zangozako foruen bidez gobernatzeko baimena Antso VI. Jakituna Nafarroako erregearen eskutik. Independentziako gerraren garaian (1812) gudu latzak gertatu ziren Nabaskozeko herriaren inguruan. Nabaskozeko almirante herriko hiri nagusia izan da historian zehar. v Nabaskozeko almirante herria. Nafarroako ekialdeko almirante herria, Zangozako merindadean. Nabaskozeko hiriak eta Gazteluberri, Aizpurgi eta Ustaizeko herriek osatzen dute. Nabaskozeko herrian bizi zen hango almirante edo alkate-kapitain nagusia.