Muxika
Bizkaiko erdialdeko udalerria (Busturialdea). Mugak: iparraldean, Gernika-Lumo eta Errigoiti, ekialdean, Gernika-Lumo, Ajangiz eta Mendata, mendebalean, Morga eta Errigoiti eta hegoaldean, Zornotza. Garaiera, 40 m. 49,89 km2. 1997ko datuen arabera, 1.392 biztanle ditu (muxikarrak). Herrigune hauek osatzen dute Muxikako udalerria: Agirre, Astelarre, Axuria, Besangiz, Ordorika, Ugarte (herriburua), Elixalde, Maguma edo Mauma, Gorozika, Ibarruri eta Zugaztieta-Oka. Oka ibaia igarotzen da udalerriaren ekialdetik. Biztanleen hizkuntza banaketa 1996an: 1.306 euskaldun, 46 ia euskaldun eta 51 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (zurgintza, altzairugintza; langileen % 43) eta nekazaritza (artoa, patata, barazkiak, bazkarako landareak, ardi azienda; langileen % 27) dira. Dena dela langile askok Gernikako industrietan dihardu eta bigarren lanbide ditu baserriko lanak. Aipagarri dira X. mendeko San Bizente Ugarteko eliza (XVIII. mendean berritua), XIII. mendeko San Roman ermita, XVI. mendeko Oka jauregia, XI. mendeko Torrebarria dorretxea eta Muxikako dorrea (X. m.).