Mutriku
Gipuzkoako kostaldeko udalerria, Deba ibaiaren eta Ondarroako herriaren artean (Debabarrena). Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa, ekialdean, Deba eta Elgoibar, mendebalean, Berriatua eta Markina-Xemein eta hegoaldean, Elgoibar. Garaiera, 49 m. 28,02 km2. 1997ko datuen arabera, 4.750 biztanle ditu (mutrikuarrak). Auzo nagusiak: Astigarribia, Azpilgoeta, Galdona, Olatz eta Saturraran. Deba ibaiak mugatzen du udalerria ekialdetik. Biztanleen hizkuntza banaketa 1996an: 3.896 euskaldun, 480 ia euskaldun eta 223 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (janari industria, zurgintza, lanabesak, kirurgia-tresnak), nekazaritza (bazkarako landareak, barazkiak, behi eta ardi azienda), arrantza (baxurako arrantza) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak) dira. Langile asko Elgoibarko eta Debako industrietara joaten da lanera. Aipagarri dira XIX. mendearen hasierako Ama Birjinaren Jasokunde eliza neoklasikoa, XVII. mendeko agustindarren komentua, La Piedad eta Belen gurutzebideak, Astigarribiako San Andres eliza, Cosme Damián Churrucaren omenezko estatua eta jauregiak eta oinetxeak (Zabiel, Montalibet, Churruca, Illunbe, Gaztañeta, Urasandi, Galdona, Berriatua, Olazarra). v Historia. Tritium Tuboricum hiri erromatarra bide zen Mutriku Pomponio Mela (K.o. I. m.) eta Ptolomeo (K.o. II. m.) historialari erromatarren arabera. 1209. urtean jaso zuen hiri-gutuna Alfontso VIII.a Gaztelako erregearen eskutik eta Donostiako foruen bitartez gobernatzeko baimena lortu zuen. 1543. urtean ia erabat suntsitu zuen sute batek.