Mutis, Álvaro
Kolonbiar poeta eta eleberrigilea (Bogota, 1923). Haurtzaroa Belgikan igaro zuen eta 1960ko hamarraldiaz geroztik Mexikon bizi da. Oso gazterik hasi zen literatura aldizkarietan idazten, besteak beste, Mito aldizkarian. Lehenengo poema liburua La balanza (1947, Balantza), 1960. urte inguruan prosara jo zuen Diario de Lecumberri (Lecumberriren egunkaria) lanarekin. Lan hori izen bereko Mexikoko espetxe batean idatzi zuen, izan ere, Mutisek, Esso etxeko harreman publiko gisa lan egiten zuela, enpresa horretako dirua erabili zuen Rojas Pinilla diktadorearekin arazoak zituztenei laguntza emateko. Prosan idatzi zituen lanen artean aipatzekoak dira: La nieve del almirante (1986, Almirantearen elurra), Ilona llega con la lluvia (1988, Ilona euriarekin iristen da), La última escala del “Tramp Steamer” (1990, “Tramp Steamer”-aren azkeneko eskala), Amirbar (1990) eta Abdul Bashur, soñador de navíos (1991, Abdul Bashur, ontzien ameslari). Bai poesian bai eleberrietan, irudiz eta iradokizunez betetako hizkuntza erabiltzen du Mutisek.1983an Kolonbiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen.