Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mutiloa

Gipuzkoako erdi-hegoaldeko udalerria (Goierri). Mugak: iparraldean, Gabiria eta Ormaiztegi; ekialdean, Idiazabal eta Ormaiztegi; mendebalean, Legazpi eta hegoaldean, Zerain eta Segura. Garaiera, 241 m. 8,8 km2. 1997ko datuen arabera, 172 biztanle ditu, ia denak euskaldunak (mutiloarrak). Izen bereko erreka igarotzen da udalerritik. Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 96. Ekonomia jarduera nagusiak industria (eraikuntza, janari industria; langileen % 58,4) eta nekazaritza (bazka landareak, barazkiak, ardiak eta behiak; langileen % 25,75) dira. Langile askok inguruko herrietako industrietan lan egiten du eta baserriko lanak bigarren lanbide ditu. Aipagarri dira XVIII. mendean berritutako San Migel eliza, Ama Birjina Lierniakoaren ermita eta Apaolazatarren oinetxea.  v  Historia. 1144. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Mutiloako herria. Segurako herriaren mende egon zen Mutiloa 1384. urtetik 1615. urtera, Filipe III.a Espainiako erregearen eskutik, hiri-gutuna jaso zuen arte.