mutazio
iz. Genet. Zeluletako geneen osagaietan gertatzen den bat-bateko aldakea, zelula horretan bertan eta horretatik sortzen diren zelula berrietan ohiko zelulek ez dituzten ezaugarriak eta jokabideak eragiten dituena. Gene horiek kromosomen DNAn sortzen dituzte aldaketak; hots, nukleotido arrunt bat beste batek ordezkatzen duenean, nukleotidoren bat edo batzuk galtzean edo berriak eranstean. Mutazioek herentzia aldaketak sortzen dituzte; aldaketa batzuk ez dira ikusten, kimikaren ondorio baitira (geneen mutazioa), beste batzuk berriz agerikoak dira, kromosomak zatitu eta beste modu batera antolatzen baitira (kromosomen mutazioa). Mutazio gehienak kaltegarriak dira, eta belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira bereizkuntza naturalaren metodoaren arabera (ik. Darwin). Bestalde, mutazioa geneen aldakortasunaren iturria denez gero, nahitaezkoa da izadian garapena izateko eta izaki mota beriak agertzeko. 1901ean landare baten mutazioak deskribatu zituen Hugo de Vries-ek, baina Thomas Hunt Morgan izan zen animalia baten geneak aztertuz (Drosophila melanogaster euliarenak) mutazioen izaera eta ekoizpen sistema mugatu zituena. Animaliekin lortutako emaitzak nahiko eskasak dira oraindik; mutazioen inguruko ezaupidea nekazaritzan erabili da batez ere, landare txertatuak lortzeko. Zenbait gerratan, Vietnam-goan adibidez, erabili ziren arma kimikoek hango biztanleen kromosometan mutazio kaltegarriak sortu dituztela aurkitu da.