Musulman Anaiak
(Arab. Al-Ikhwan al-Muslimun). Hasan al-Banna politika eta erlijio buruzagi egiptoarrak 1928an sortu zuen erlijio erakundea. Masulman Anaiek Koranean edo Hadith edo musulmanen tradizioen liburuan oinarrituriko gizarte mota jarri zuten eredu, Mendebaleko moldeetatik berex, baina zientzia eta teknologia mailako aurreramenduari uko egin gabe. Kapitalismotik eta sozialismotik aparteko ekonomia sistema proposatu zuten. Britainiarren aurka borrokatzeko, 1940an alemaniar naziekin jarri ziren harremanetan; Bigarren Mundu Gerraren ondoren, isilpeko erakunde armatu sendo bat eratu zuten Musulman Anaiek. Ahmad Mahar eta Nuqrashi Pasha Egiptoko Lehen Ministroak hil zituzten 1945 eta 1948an. 1949an Hasan al-Banna hil zuen Egiptoko poliziak atentatu batean. Musulman Anaiek beren laguntza eman zuten Faruk erregea botatzeko, baina ez zuten inola ere estatuaren laikotasuna onartu eta iraultzako gobernuak legez kanpora ezarri zuen erakundea 1954ko urtarrilean. Urte bereko urrian Nasser-en aurkako atentatu batean huts egin ondoren, zapalkuntza handia jasan zuten Musulman Anaiek eta erabat ahuldu zen taldea. Haren ideiek, ordea, bizirik diraute egun ere gaur egungo Egipton eta beste lurralde arabiar askotan.