Murtzia
Espainiako hego-ekialdeko hiria, izen bereko probintziako eta autonomia erkidegoko hiriburua. 288.631 biztanle (1981). Segura ibaiaren ertzean dago. Ekonomiak nekazaritza (laboreak, fruituak, piperra) eta nekazaritzarekin zerikusia duen industria (kontserbak) ditu oinarri; garrantzi handiko merkataritzagunea da. v Historia. Musulmanek sortu zuten 831n. 1266. urtean Jaime I.a Konkistatzaileak mendean hartu zuen Gaztelako koroaren izenean. XIV. mendeko izurriteek eragin handia izan zuten hirian, eta XVII. mendean izurriteek, uholdeek eta goseteek kalte handiak sortu zituzten. 1812an borroka gogorrak izan ziren Napoleonen soldaduen eta murtziarren artean. Espainiako Gerra Zibilean Murtzia Errepublikaren alde agertu zen.