Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mudejar

iz. eta izond. Hist. Espainiako musulmandarra, Errekonkistaren ondoren (XI-XV mendeak) kristauen mendean gelditu zena. Zerga baten truke, mudejar taldeek agintari kristauen babesa zuten beren erlijioa, hizkuntza eta ohiturak gordetzeko. XIII. mende aldera ordea, gehienak arabiera utzi eta espainiera erabiltzen hasi ziren, nahiz eta arabiar idazkera gorde zuten; hortik literatura mota berezi bat sortu zen (aljamiado). Bestalde, arkitekturan ere, espainiar eta arabiar elementuak nahasiz, estilo berezi bat eratu zuten, besteak beste, Kordoba, Sevilla, Toledo eta Valentziako eliza eta jauregietan gorde dena. Mudejar estiloa nabari da orobat zur, boli, zeramika, ehun eta ontzien apaingarrietan. Iberiar Penintsulan musulmanen esku zegoen azken hiria, Granada, kristauek hartu zutenean (1492), mudejarren egoerak behera egin zuen. Morisco ezizena ezarri zieten, eta alde egitera edo kristau bihurtzera behartu zituzten.  v  Euskal Herrian, Nafarroan izan ezik arabiarren indarra eskasa izan baitzen, ez da ia arte mudejarraren aztarnarik geratu. Aipatzekoak dira nolanahi ere, Nafarroan, Tuterako katedralean dauden mezkiten aztarnak. Bizkaian, badira koru mudejarrak (Elorrion, Iurren, Elejabeitian etab.) eta Gipuzkoan, estilo mudejarra gorde duten etxe eta dorre batzuk (Antxietaren etxea, Loiolako dorrea, Azpeitian).