Mphahlele, Ezekiel
Hegoafrikar idazlea (1919). Pobrea bazen ere eta eskolara jarraitasunez ezin joan izan bazen ere, beka bat lortu zuen eta posta bidez maisutza ikasi ahal izan zuen. Lehenengo liburua Gizon batek bizi behar du (1947) da, apartheid-ari eta beltzen esperientziari buruzko kontakizuna. Irakasle lanetan jarraitzea debekatu zioten bantu hezkuntzaren kontra egiteagatik, eta 1957an bere herrialdea uztea erabaki zuen. Nigeria, Kenya, Zambia eta Estatu Batuetan bizi izan zen. Azken horretan Filosofia doktoregoa lortu zuen eta Afrikar ikerketen katedradun izan zen Pennsylvaniako Unibertsitatean. 1977an Hegoafrikara itzuli zen, eta Witwaterrandeko Unibertsitateko katedradun izan zen. Afrika: nire musika (1984) lanean erbestealdia eta etxerako itzulera azaltzen ditu. Alderraiak (1971) eta Chirundu (1979) lanak Afrika independente batean girotuak dira, eta Aita itzuli etxera (1984) lanean, berriz, 1913ko lurren legearen ondoriozko espoliazioa azaltzen du. Kontakizunak, poemak eta saiakerak ere idatzi ditu. Bere pertsonaiak errealismo handiz marrazten ditu; bizirik dirauten pertsonaiak baizik ez dira. Mphahlelek ingelesaren alde egin du, Afrikako hizkuntza bateratzailea izan daitekeela azpimarratuz.