Mouloudji, Marcel
Frantses abeslaria, idazlea eta antzezlea (Paris, 1922 - Paris, 1994). Haurtzaroa txirotasunean igaro zuen. Kantari, antzezle, zinemagile, idazle eta margolari lanetan aritu zen. Jean-Louis Barraultek bere ikuskizun baterako hartu zuen. Mouloudjik La Fleur de l’âge (1991) lanean Barraulten giroan nola sartu zen kontatzen du, nola ezagutu zuen Octobre taldea, eta nola kontratatu zuen Dullin jaunak Atelier antzokirako. Hainbat filmetan parte hartu zuen: Marcel Carnéren Jenny, Jacques Daroy-ren La Guerre des gosses (Mutikoen gerra), Christian-Jaquen Les Disparus de Saint-Agil (Saint-Agil-eko desagertuak), Henri Decoin-en Les Inconnus dans la maison (Ezezagunak etxean), etab. Mutiko gaiztoaren paperak egin zituen Justice est faite (Justizia egina dago) edota Nous sommes tous des assassins (Gu guztioak hiltzaileak gara) filmetan. Baina 1950eko hamarralditik aurrera ez zuen zineman lanik egin. Okupazioaren garaian Sartre eta Beauvoir bisitatzen zituen eta haiek idaztera bultzatu zuten. Eleberriak (Enrico, 1944, Pléiade saria), antzerki lanak (Quatre Femmes, 1947), eta poesia idatzi zituen. Lemarque, Cocteau, Prévert, Trenet, Queneau, Ferré-ren abestiak interpretatu zituen. 1953an Diskoaren Sari Nagusia lortu zuen. 1954an Boris Vian-en "Le Déserteur" abestu zuen, baina berehala debekatu zuten. Aljeriako gerraren kontra azaldu zen eta 1968ko maiatzeko higikundearen alde.