Mortes Alfonso, Vicente
Espainiar politikaria (Paterna, Valentzia, 1921 - Madril, 1991). Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan Bideetako Ingeniaritza ikasketak egiten hasi zen, eta gero Lovainan, Belgikan, osatu zituen. Gerra zibilaren ondoren, Falangean sartu zen. 1940rako, oraindik oso gaztea zela, Valentziako Falange Españolako buruzagitzako zenbait kargu beteak zituen, eta handik gutxira Unibertsitateko Sindikatu Espainiarrean ere politika karguak hartu zituen bere gain. 1957an Etxebizitza saileko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta 1960an Errepideetako zuzendari nagusi. Handik hiru urtera Herri Lanetako idazkariorde mailara igo zen, eta 1965ean Laureano López Rodó-ren zuzendaritzapeko ekonomia taldeko kide izatera igaro zen. Ordurako falangismotik urrunduta zegoen, eta Espainiako ekonomia zuzentzen zuen Opus Dei-ko eremu teknokratikoan sartuta zebilen. 1957az geroztik Gorteetako prokuradore zelarik, 1969an Francok Etxebizitzen ministro izateko deitu zuen; kargua hurrengo urtean hartu zuen, eta 1973an utzi. Ondoren, bere kontura jarri zen lanean: zenbait enpresatako presidentza hartu zuen –Nestlé Española, Eurest, IASA–, eta negozio gizon garrantzitsua izan zen hil arte.