Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

morfina

iz. Kim. Opioaren alkaloide natural garrantzitsuena (C17H19O.H2O). Opioaren tasun sorgarriak sumeriarren garaitik ziren ezagunak, baina, hala ere, 1803. urtean bakartu zuen gai hau lehen aldiz Friedrich Sertüner alemaniarrak. Morfinaren izena Morfeo hitzetik dator, loaren jainkoa grekoen mitologian. Uretan nekez urtzen diren kristal zurietan agertzen da, eta azidoekin erreakzionatzen du urtzen ez diren gatzak sortuz. Opioaren osagaia da % 10ean. Gizonaren erdiko nerbio sistemaren gain du eragina batez ere; ahultasuna edo depresioa sortzen du. Ahultasun horren lehen adierazpena minaren sentiberatasuna gutxitzea da (analgesia); hori dela eta, morfina medikuntzan erabiltzen da, mina arintzeko, anestesiko gisa eta ebakuntzen ondorengo tratamenduetan. Morfinak gizonarengan sortzen duen ahultasunaren bigarren ondorioa psikologian sumatzen da; arreta eta kanpoko eragileen oharmena gutxitzen zaio morfina hartu duenari, eta sarritan euforia izaten da. Morfinaren neurrigabeko kontsumoak mendekotasuna sortzen du, eta mendekotasuna horrek ondorio fisiko eta psikiko larriak ekar ditzake, koma egoera sor dezake eta heriotza kasu larrienetan.