Mondragon Unibertsitatea
MCC talde kooperatiboaren baitan sortutako unibertsitate independentea, kooperatiba misto bezala eratua bera ere, 1997-98 ikasturtean abiatu zena. Oñatin, Arrasaten eta Eskoriatzan ditu egoitza nagusiak, nahiz eta 2000. urtean bere jarduna Goierrira ere zabaltzeko asmoa zeukala jakinarazi. Oñatiko Unibertsitate zaharra ez ezik, kooperatiben inguruak sortutako ikastegiak ere aipa daitezke Mondragon Unibertsitatearen aurrekarien artean. Arrasateko Goi Eskola Politeknikoa, Oñatiko Enpresa Zientzietako Fakultatea –ordu arte ETEO zen hartan oinarritua–, Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatea eta Ikerlan eta Ideko ikerketa zentroak bilduz sortu zen. Urte gutxiren buruan ikasle igoera nabarmena izan du, 2000-2001 ikasturtean 4.0006 ikasle izatera heldu arte. 2001ean aurkeztu zuen zortzi urterako plangintzaren arabera, ikasle kopurua % 45 handitzea da MUren helburua. Era berean, eskaintzen dituen lizentziak ere asko ugaldu dira zabaldu zenetik, eta arreta handia jarri du hasieratik ikerketa eta truke alorretan, betiere ikasleen lanerako sarbidea errazteko asmoz. Mondragon Unibertsitatearen lehenengo errektorea Ignacio Lakuntza izan zen, 1997ko maiatzean hautatua. 1999ko maiatzean, berriz, Eusko Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailburu izandako Javier Retegi izendatu zuten errektore.