mol
iz. Kim. Materia kantitatearen banakoa. Sinboloa mol da. 12 gramo karbonotan dauden atomoak adina oinarrizko unitate dituen gai garbi baten masaren baliokidea da. Unitate horiek atomoak, ioiak, erroak, molekulak, elektroiak... izan daitezke, eta kantitate hori Avogadroren zenbaki bera da (6,023x1023). Beraz, gai guztiek kopuru bera dute moleko (mol bakoitzeko) baina masa desberdina. Horrela, karbono mol batek 12 g pisatzen ditu, ur mol batek 18 g, bentzeno mol batek 78 g etab. Gai batean zenbat mol dauden jakin nahi denean nahikoa da gaiaren pisua mol batek duen pisuaz zatitzea. Horrela, 72 g urek 72/18 mol ur dituzte eta 72 g bentzenok 72/78 mol bentzeno. Gas egoeran dagoen gai baten mol batek 22,4 litroko bolumena hartzen du egoera normalean (0 °C eta 760 mm-tako presioa). Gasen mol kopurua gas idealen legearen bidez kalkula daiteke: n=PV/RT. Bertan, P, presioa da, atmosferetan; V, bolumena litrotan; R, gas idealen konstantea (=0,082) eta T, tenperatura Kelvin gradutan. Mola molekula gramo izenez ere ezagutzen da. ik. Avogadro.