Mizogutxi, Kenji
Zinemagile japoniarra (Tokio, 1898 - Kioto, 1957). Berrogei film baino gehiago egin zituen zinema mutuaren aroan, ariketa moteletatik hasita lan biribilak lortzeraino. Gerraondoko lehen lan nagusia Utamaro o meguru gonin no onna (1946, Utamaro eta zazpi emazteak) du. Laurogeita hamar luzemetrai egina izan arren, Mizogutxiren lana ez da Mendebalean ezaguna, Veneziako Mostrak zabaldurikoa izan ezik: Ilargi zurbilaren ipuinak (1953, Ugetsu monogatari), Sansho ugazaba (1954, Sansho dayu). Istorio melodramatikoak filmatu zituen, eta emakumezko pertsonaien aldera jaidura berezia erakutsi zuen. Estilo barroko eta zaindu baten jabe, Mizogutxi zinema japoniarraren maisuetako bat da.