Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mirande Ayphasorho, Jon

(«Jon Chaho»). Parisen jaiotako zuberotar idazlea (Paris, 1925 - Paris, 1972). Guraso zuberotarrak zituen, Parisa lan bila joanak. Euskara galdu egin zuen eskolan. Bigarren Mundu Gerra garaian Bretainian egon zen; lagun bretoiak, abertzale naziak, egin zituen han, eta haien hizkuntza ikasi zuen. 1947an, Finantza Ministerioan lanean ari zela, hasi zen euskara berreskuratzen. Hizkuntza asko ikasi zituen, hogeitik gora, modernoak (gaztelera, alemana, ingelesa, italiera, bretoiera, irlandera, etab.) eta zaharrak (grekoa, latina, etab). Euzko Gogoa, Gernika, Egan, eta Elgar agerkarietan argitaratu zituen poemak, itzulpenak, ipuinak eta artikuluak. Hori zela eta, hasi zen hegoaldeko eta iparraldeko euskaltzaleekin harremanetan. 1949an Txomin Peillen ezagutu eta lagun egin zuen. Biok batera atera zuten, 1962an, Igela izeneko aldizkari heterodoxoa eta kritikoa; ordu arte erabili gabeko gaiak lantzen zituen bere lanetan: umore beltza, erotismoa, ironia… Lan horietan Spengler-en eta Nietzsche-ren eragina antzematen da; bide horretatik datorkio, besteak beste, nazismorako atxikimendua. Mendebaleko demokraziaren, katolikotasunaren eta “konpromisozko” literaturaren kontra idatzi zuen, eta paganismoaren alde egin zuen. 1970ean argitaratu zen bizirik zela argia ikusi zuen liburu bakarra: Haur besoetakoa eleberria, hamar bat urte lehenagotik idatzita bazeukan ere. 1958. urtean euskaltzain urgazle egin zuten, baina inoiz ez zen euskaltzain oso izatera heldu, nahiz eta Krutwigek kargu horretarako aurkeztu zuen. Baztertua sentitzen zen euskal giroan eta mesprezatua. Osasunez ere ez zebilen ongi, eta erabat etsita, idazteari urte batzuk lehenagotik utzita, bere buruaz beste egin zuen. Eragin handia izan du geroko zenbait idazle gazteagoengan.  v  Idazlanak. Mirandek berak prestatua zuen poema sorta bat argitara emateko Ilhun-argiak izenburupean, baina ez zuen erdietsi inork argitaratzerik, horregatik, poeta hil eta handik lau urtera atera zen Miranderen lehen poema bilduma Orhoituz izenburu zuela, A. Eguzkitza paratzaile izanik. Geroztik, X. Olarrak (1984, Ene jainko-eidol zaharra, lur!) Tx. Larreak (1984, Poemak 1950-1966) eta F. Juaristik (1992, Ilhun-argiak/Claroscuros), argitalpen bana egin dute, poema berriak aurkitu ahala osatuak. Hitz lauzko lanen hautaketa bat egin zuen Txomin Peillenek eta Idazlan Hautatuak izenburupean argitaratu zituen 1976an. Ondoren, ipuin guztiak, euskaraz sortuak eta itzuliak argitaratu ziren, Patri Urkizuren ardurapean (1984, Gauaz parke batean —Ipuin izugarriak—), eta artikuluak Tx. Larreak apailatuta (1985, Miranderen lan kritikoak). Bestalde, Mirandek, idazle askoren lan txikiak itzuli zituen euskarara, ipuinak, poemak (Kafka, Poe, Jasson, Von Hofmannsthat, O’Neill, Saki-renak, besteak beste) etab.