miñoi
iz. Arabako eta, 1877tik aurrera, Bizkaiko foru poliziei eman zitzaien izena. Erakunde hau jatorriz XVIII. mendekoa den arren, lehen karlistadaren ondoan egituratu zen Araban eta Bizkaian, zein bere aldera. 1876tik aurrera, bigarren mailako eginkizuna izan zuten Bizkaiko miñoiek, protokolo eta ospakizunetara mugatu baitzen haien zeregina. 1937an desagertu zen betiko Bizkaiko miñoien taldea, agintari frankistek hala nahita. Arabako miñoiek, ordea, Nafarroako foru goardien antzeko zereginean jarraitu zuten: Diputazioari loturiko zerbitzuak, zerga bilketa, mendiak zaintzea eta errepideetako trafikoaren ardura. Ondoko urteetan, Espainiako Goardia Zibilak hartu zuen beretzat azken egiteko hori. 1992an erabaki zen Arabako miñoiak Euskadiko Autonomia Erkidegoko Ertzantza erakundean sartzea.