Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

minimalismo

edo Minimal art. iz. 1960ko hamarraldiaren hasieran, espresionismo abstraktuaren erreakzioz, Estatu Batuetan sortutako higikundea. 1965ean, Donald Judd teorialari eta artistak artikulu bat idatzi zuen Specific Objects aldizkarian, bere objektibotasun erabatekoaren idealak adierazteko euskarri gisa pintura utzi eta haren ordez eskultura lantzen hasi izana argudiatuz. Urte hartan bertan, Richard Wollheimek "minimal" hitza erabili zuen lehen aldiz printzipio horien arabera sortutako obrak aipatzeko. Joera horren sorburua infinituaren kontzeptua adierazteko errepikapenaren ideia erabiltzen zuten Constantin Brancusi, Alexandre Rodchenko eta Vladimir Tatlin-en obra batzuetan zegoen. Minimalistak arte objektuan bertan kokatzen ditu bere sormenaren erreferentziak, kanpoko munduaren interferentzietatik erabat aldenduz. 1960ko hamarraldiaren hasieran, beren ideiak adierazteko eskultura baliatu zuten artista erradikalen belaunaldi bat sortu zen: Judd bera, Robert Morris, Carl Andre, Dan Flavin, Sol LeWitt eta Richard Serra, besteak beste. Egitura edo sistema gisa definitzen zituzten obra sail bat sortu zuten, oinarrizko materialak eta forma geometrikoak erabiliz. Mus. XX. mendearen bukaerako musika konposizio mota, sistema musika, prozesu musika edo errepika musika ere deitua. Estilo honetan, oinarrizko material bat, tonala edo eskaletakoa gehienetan, eta pultsu indartsu eta erregular batez, denbora bitarte luze batean errepikatzen da, gorabehera minimoekin. Minimalismoa Estatu Batuetan sortu zen. Sarritan besterik aipatzen bada ere, minimalismoaren eragileak da dira Richard Wagner eta Erik Satie-ren bezalakoen musika, hinduen inprobisazioa, Baliko gamelana eta afrikar perkusioak baizik. John Cage eta Harry Partch esperimentalistak hartzen dira genero honen gurasotzat, baina La Monte Young izan zen aurrena, bere Musika Eternoaren Antzerki Taldearekin, 1962an sortua. Taldeko musikari aipagarrienetako bat Terry Riley zen. Haren In C (1964) obra minimalismoaren nagusietako bat da. Garai hartako beste musikarien artean Philip Glass –Music in Similar Motion (1969)– eta Steve Reich –Come Out (1966), Piano Phase (1967), Music for Eighteen Musicians (1976, Doinu bat hemezortzi muskarirentzat)– nabarmentzen dira. Estatu Batuetako minimalismoak aspaldi galdu zuen bere garbitasuna eta egun beste genero batzuk hartzen ditu, hala nola opera –Glass-en Einstein on the Beach (1976, Einstein hondartzan), John Adamsen Nixon in China (1987, Nixon Txinan)– edo harizko kuartetoak –Reich-en Different Train (1988)–. Minimalismoa musika joera nagusietara hurbilduz joan da, Reichen The Desert Music (1984) eta Adamsen Harmonielehre (1985) obren gama harmoniko aberatsagoaren bidez, edota Reichen beraren Chamber Symphony (1992) egitura polirritimkoaren bidez. 1970eko hamarraldiaz geroztik europar musikagileek bat egin dute estilo minimalistekin. Holandan, Louis Andriessenek, bere De Staat (1976) obran, estatubatuar eredua eta hizkuntza harmoniko zorrotzagoa nahastu ditu, Stravinskiren musikan oinarriturik. Musika molde horrek eragin handia izan du Michael Torke, David Lang eta Kulia Wolf estatubatuarrengan, eta Steve Martland britainiarrengan, besteak beste. "Minimalista sakratuak" (folk eta erlijio musikaren soiltasunetik sortua) deitutakoen lanen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Henryk Mikolaj Górecki-ren Hirugarren Sinfonia (1976), “Lanturuen sinfonia” deitua, Arvo Pärt-en Passio (1982), John Taverner-en The Protecting Veil (1988), eta Giya Kancheli-ren Bemoaned by the Wind (1988). Britainiar esperimentalista batzuek, Cornelius Cardew-ren eraginpean beharbada, errepikaren soiltasunera itzuli dira. Horien artean aipagarrienak Michael Nyman, Gavin Bryars eta Howard Skempton dira.