Mimouni, Rachid
Aljeriar eleberrigilea (Aljer, 1945 - 1995). Aljerian goi mailako ikasketak egin, eta kimika ikastera joan zen Montréalera. 1976-1979 bitartean kimikako enpresa bateko garapen sailaren zuzendaritza hartu zuen, eta Merkataritza Eskolako irakasle izan zen Aljeriako Unibertsitatean. Halaber, Kulturaren Batzorde Nazionaleko kide izan zen. 1968-1970 bitartean, higikunde berri bat sortua zen aljeriar literaturan, "iraultza tradizionatua salatzeko" Mohamed Dib eta Rachid Boujedra idazleek sustatuta besteak beste. Moimuonik bere kasa eta bere aldetik heldu zion higikundeari 1980ko hamarraldiaren hasieratik. Bere lehenengo bi eleberriak ohiko diskurtsu linealean idatziak dira, baina Fleuve detourné-tik aurrera (1982) idazle original gisa azaldu zen, hizkuntza bizi zorrotzekoa. Estilo desberdinak landu zituen obra berri bakoitzean: beroa eta adierazkorra, batzuetan; hotza eta zorrotza, besteetan. Estereotipoak eta indarrean zegoen sistema inpertsonalak abaildutako herritarrak erretratatzeko orduan nabarmendu zen batez ere. "Lege zaharraren suntsipenagatik" eta bere erkideen deserrotze erabatekoagatik kezkaturik, Rachid Mimouniken ustez modernotasunean "bat-batean sartzeak" suntsipena besterik ez du ekarri. Lan nagusiak: Tombeza (1984), L'Honneur de la tribu (1989), La ceinture de l'ogresse (1991); Une peine à vivre (1991).
- Mimetiz
- mimika
- mimosa
- mimosazeo
- Mimoun, Alain
- Mimouni, Rachid
- min 1
- min 2
- min 3
- min hori
- Mina Larrea, Javier