Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mikroskopio

iz. Optika tresna, begi hutsez ezin ikusi diren gauzakiak ikusteko erabiltzen dena.  v  Mikroskopio optikoa. Mikroskopioak bi leiar ditu: objektiboa eta okularra edo begietako leiarra. Bi leiar horiek euskarri baten gainean dagoen metalezko hodi baten bi muturretan jartzen dira. Objektiboa leiar multzo batez osatua dago, aztergaitik hurbil. Okularra lupa baten antzekoa da, bi leiarrez osatua, begitik hurbilago; objektiboak sortutako irudia berriro handitzen du eta irudi birtual edo alegiazko bat eratzen. Euskarrian xafla bat dago, gainean beirazko xafla bat duena; hor jartzen da ikusi nahi den aztergaia. Azpian leiar sistema batez osatutako kondentsatzailea du, behatu nahi den aztergaia azpitik argitzen duena. Mikroskopioaren bereizketa ahalmena edo zehaztasuna behaketa egiteko erabiltzen den argiaren uhin luzerak mugatzen du. Zacharias Janssen (1590) daniarrak asmatu omen zuen mikroskopioa, eta E. Abbe alemaniar fisikariak (1840-1905) eman zion gaur egun duen zehaztasuna.  v  Mikroskopio elektronikoa. Uhin luzera laburreko irradak erabiliz gorputz mikroskopikoen irudia 200.000-1.000.000 bider handitzen duen tresna, E. W. Muller-ek asmatua eta Von Barriest-ek eta Ruska-k hobetua. Zelularen egiturak, mineralak, metalen aleazioak, bakterioak, birusak etab. behatzeko erabiltzen da.  v  Protoi mikroskopioa. Elektronikoaren tankerakoa da, baina protoiak erabiltzen ditu elektroien ordez; protoien uhin luzera elektroiena baino txikiagoa denez 2.000.0000 bider handitzen du aztergaia. Metalen kristal egiturak, zeramika gaien barne egiturak, bero handia jasateko gai diren zuntzak etab. aztertzeko erabiltzen da.  v  Mikroskopio petrografikoa. Argi polarizatua erabiliz xafla mehetan dauden mineralak behatzeko erabiltzen dena.  v  Interferentzia mikroskopioa. Zelularen osagaiek sortzen dituzten errefrakzio indizeen arteko aldeak neurtzen eta kontraste handiagoa lortzen duena. Zelula biziak behatzeko eta aztertzeko erabiltzen da.  v  Fluoreszentzia mikroskopioa. Argia xurgatzen duten gorputz batzuek igortzen duten argi fluoreszenteaz baliatzen den mikroskopioa.