Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

metafisika

iz. Filosofiaren atala, errealitate osoaren izatasunaz, ezagutzaren lehen oinarriez, diharduena.  v  Ontologia edo izakiaren azterketa, eta epistemologia edo ezagueraren izaeraren azterketa barne hartzen ditu metafisikak. Rodasko Andronikok erabili zuen lehen aldiz metafisika hitza K.a. 50. urte inguruan Aristotelesen lanen bilduma egiterakoan, fisikaren ondoren zeuden lanak adierazteko (ta meta ta physiká), Aristoteles berak lehen filosofia deitu zuena. Erdi Aroan, metaphisica lehen filosofiaren sinonimo bihurtu zen, eta meta aurrizkiak «-ren gaineko», «-tik haruntzago» zentzua hartu zuen. Metafisika, beraz, «fisikatik haruntzago» denaz arduratzen da.  v  Metafisikaren historia. Aristotelesen lanetan metafisika lehen oinarriez eta arrazoiez arduratzen da, eta izatea aztertzen du. Eskolastikan metafisikaren eta teologiaren helburua berbera da: Jainkoaren izatea eta ezaugarriak, eta Hark sortutako izakiekin dituen harremanak ikertzea. Baina fedea edo errebelazioa erabili ordez arrazoian bakarrik oinarritu ziren eskolastikoak. F. Suárez-ek (1548-1617) mugatu zuen metafisika jakintza gisa, Disputationes metaphysicae liburua idatzi zuenean 1597. urtean; lan horrek eragin handia izan zuen Europako unibertsitateetan XVIII. mendea arte. Kontzeptu honek bere horretan iraun zuen aldaketa handirik izan gabe metafisikari klasikoengan (Descartes, Spinoza, Malebranche, Leibniz, Berkeley). XVIII. mendetik aurrera metafisika «azalpen arrazoitutzat» jo zen, ezaguera enpirikoari edo praktikari aurka egin nahian. Kantentzat, metafisika «arrazoiari zor dizkiogun ezagupen guztien zerrenda sistematikoki ordenatua da». Filosofia tradizionalari aurka egiten dio honela. Filosofia modernoan, berriz, Kant-en kritika, onartua ala ez, garrantzi handikoa izan da metafisikaren kontzeptua mugatzeko orduan. Bere ezaugarri nagusiak hauek dira: arrazoiaren emaitza izatea, eta ez esperientziarena edo errebelazioarena; pentsamenduaren arau nagusiak aurkitzea, eta ondorioz, gainerako zientzia guztien oinarrien multzoa osatzea; egia den bezala ezagutzea, eta ez itxuraz, eta ondorioz, gauzei buruzko azken hitza esatea. Egile askoren hitzetan aipaturiko ezaugarri batzuk baizik ez ditu gordetzen metafisika hitzak. Existenzialismoarentzat eta gaur egungo pentsamenduarentzat, oro har, giza izatearen zentzuaren ikerketa da metafisika. Marxismoak, berriz, gauzen kontzepzio faltsutzat jo du metafisika, gauzak elkarrengandik bereizten dituelako, eta dialektikari eman dio nagusitasuna.