Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

metabolismo

iz. Biok. Izaki bizidunengan, eta katalitzatzaile berezi –entzima– baten eraginez, gauzatzen diren kimika, fisika eta biologia erreakzioen multzoa. Erreakzio horietatik ateratzen diren gaiak metabolitoak deitzen dira. Izaki bizien eginkizun ororekin lotzen dira erreakzio metabolikoak, eta, funtsean, antzekoak dira zelula eta izaki bizi guztietan, nahiz eta zelula eta izaki bizi horiek oso desberdinak izan. Azido desoxirribonukleikoa (ADN) da metabolismoari buruzko informazioa zelula guztietara daramana, makromolekula honek baldintzatzen baitu proteina bakoitzaren egitura eta, beraz, zelula bakoitzaren entzimena ere. Erreakzio metaboliko guztietan, energia askea gutxiagotu egiten da. Hala ere, eta metabolismo erreakzioaren izaeraren arabera, zelulak irabazi edo galdu egingo du energia hori: anabolismoan (gai bakunetatik, sintesiaren bidez, konposatu bat lortzeko prozesua) zelulak erabili behar du energia, erreakzioa gauzatu ahal izan dadin; eta katabolismoan (konposatu batetik gai bakunak lortzeko prozesua), berriz, zelulak bereganatzen du erreakzioak sortutako energia. Erreakzio metabolikoen izenak erreakzio bakoitzean sartzen den kimika gai nagusiaren araberakoak izaten dira; adibidez gluzidoen, lipidoen, proteinen, sufrearen, burdinaren, glukosaren edo hemoglobinaren metabolismoa. Erreakzio anaboliko (energia kontsumitzen dutenak) eta katabolikoen (energia sortzen dutenak) artean, bada energia hori biltzen duen gai bat, adenosintrifosfatoa (ATP) hain zuzen ere. Gai horren bidez, zelulek energia bereganatzen dute eginkizun guztietarako: adibidez, glukogenoaren katabolismoak uzkurtzeko behar duen energia ematen dio gihar zelulari, kimika energiatik energia mekanikoa sortuz; ipurtargiek, berriz, kimika energiatik ateratzen dute argia sortzeko energia; arrain torpedoak energia elektrikoa sortzen du kimika energiatik; etab. Adenosintrifosfatoa lortzen da, batez ere, gluzidoen, lipidoen eta protidoen katabolismotik, eta erreakzio horiek, zenbait unetan, oxidazioak eragiten dituzte. Aipatu oxidazioak –oinarrizko gaiak deshidrogenatzen dituztenak– oxigenoz (metabolismo aerobioa) edo oxigenorik gabe (metabolismo anaerobioa edo hartzidura) gauzatu daitezke. Geneak dira, azken batean, metabolismoa kontrolatzen dutenak, haiek baitira entzimen kontrolaren arduradunak, eta entzimak dira erreakzio metabolikoen katalizatzaileak.  v  Oinarrizko metabolismoa. Izaki baten funtzio begetatiboak mantentzeko behar den gutxieneko energia. Horrela zehazten da gizonaren kasuan: erabat geldirik dagoen gizon batek, 16 orduz baraurik eta 16 °C–tako tenperaturan, larruazaleko metro karratu bakoitzeko duen kaloria/ordu kopurua. Oinarrizko metabolismoa kalorimetroaz neurtzen da.  v  Metabolismoaren zikloak. Materia biziaren kimika osagaien anabolismoa eta katabolismoa eragiten dituzten kimika erreakzioen multzoak. Ziklo guztietan, M metabolitotik, eta erreakzio kate baten ondorioz, beste gai batzuk (N, O, P, Q, R, etab.) sortzen dira, harik eta horietako erreakzio batetik M molekula berriz osatzen den arte. Behin M metabolitoa berriz osatzen den unean, ixten eta bereizten da zikloa. Hans Adolf Krebs alemaniarrak aztertu zituen lehendabizi metabolismoaren zikloak. Garrantzitsuenak, besteak beste, hauek dira: azido zitrikoarena, baita ere azido trikarboxilikoaren zikloa edo Krebs–en zikloa izenez ezagutzen dena (oxidazio biderik garrantzitsuena); urearen zikloa; glukosaren zikloa edo Cori–ren zikloa; Calvin–en zikloa (fotosintesian, CO2–tik gluzidoak eratzen dituena). Funtzio fisiologikoari dagokionez, hiru eratakoak dira ziklo metabolikoak: sintesizkoak, hau da, gai bakun batzuetatik gai konposatu bat lortzen dutenak (adibidez, ornitinarena, urearen sintesian gauzatzen dena); degradaziozkoak, sintesiaren alderantzizko zikloak (adibidez, azido zitrikoarena); eta homeostatikoak, kimika gaiak aldatu beharrean, sintesi eta degradazio prozesuen arteko orekari eusten diotenak (adibidez, glukosaren zikloa).