Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Meñaka

Bizkaiko erdi-iparraldeko udalerria (Mungialdea). Mugak: ipar eta mendebalean, Mungia, ekialdean, Bermeo eta Arrieta eta hegoaldean, Gamiz-Fika eta Fruiz. Garaiera, 100 m. 12,84 km2. 1997ko datuen arabera, 480 biztanle ditu (meñakarrak). Herrigune hauek osatzen duten udalerria: Emerando, Mesterika (herriburua) eta Meñakabarrena. Biztanleen hizkuntza banaketa 1996an: 422 euskaldun, 22 ia euskaldun eta 15 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (artoa, patata, barazkiak, bazkarako landareak, lekadunak) eta abere hazkuntza (behi eta zerri azienda) dira. Aipagarriak dira XX. mendean berritutako Santa Elena Emerandoko ermita, XVI. mendeko Andra Maria eliza, Meñakabarrenako Ama Birjinaren ermita eta jauregi bihurtu den Meñakako dorretxea.