Mendoza, Eduardo
Espainiar eleberrigilea (Bartzelona, 1943). Espainiako egungo narratiba moldearen eragile nagusietako bat. New Yorken bizi izan da urteetan, Nazio Batuetan itzultzaile. 1975ean argitaratu zuen bere lehen eleberria: La verdad sobre el caso Savolta (Savolta kasuari buruzko egia). Espainiako Kritikaren Saria jaso zuen eleberriarengatik, eta arrakasta handia izan zuen irakurleen artean, Bartzelonako XX. mendearen hasierako ikuspegi zabala eskaintzen baitzuen. 1986an Bartzelonako beste kronika zabal bat eskaini zuen, La ciudad de los prodigios (Mirarizko hiria) eleberriarekin, 1888tik 1926ra bitartekoa, hain zuzen. Beste lan aipagarri batzuk: El misterio de la cripta embrujada (1978, Kripta sorginduaren misterioa); El laberinto de las aceitunas (1982, Oliben labirintoa); La isla inaudita (1989, Harrigarrizko uhartea); Sin noticias de Gurb (1991, Gurb-en berririk gabe); El año del diluvio (1882, Uholdearen urtea); Una comedia ligera (1996, Komedia arin bat). Bestalde, New York hiriari buruzko liburu bat idatzi du –Nueva York (1988)–, eta antzerki lan bat, katalanez: Restauració (1990, Lehengoratzea).