Mendiluce, José María
Espainiar ekonomista eta politikaria (Madril, 1951). Ekonomia eta politika zientzietako ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Complutensean (1968-1973). Liga Komunista Iraultzaileko kide izan zen, eta 1969-1974 bitartean klandestinitatean bizi izan zen. 1976an atxilotu zuten azkeneko aldiz. 1980an Nazio Batuen Iheslarientzako Goi Batzordean (ACNUR) hasi zen lanean, eta 1980-1983 bitartean ACNUR programaren koordinatzaile izan zen Luandan (Angola). 1983-1986 bitartean Nikaraguan egon zen, ACNUR misioko buruzagi gisa. Handik El Salvador-era igaro zen, eta gero Costa Ricara, eta Erdialdeko Amerikako beste herrialde batzuetara. Ameriketatik Turkiako Kurdistanera igaro zen, Sadam Husseinengandik ihes joandako iheslariez arduratzera. 1991ko abenduan ACNUR-eko Balkanetarako ordezkari berezia izendatu zuten, ihes egindako zibilei laguntzeko programa baten zuzendari gisa. Sarajevon, giza laguntzarako airezko bide bat zabaltzea lortu zuen, eta negoziatzaile dohainak erakutsi zituen Serbia eta Bosniako lehendakariekin elkarrizketatuz. 1994an, Europar Legebiltzarrerako hauteskundeetan, diputatu hautatu zuten PSOE alderdiko kide gisa. Idazle modura, 1996an egin zuen debuta, El amor perdido (Amoldio galdua) liburu sarituarekin. Beste lan batzuk: Con Rabia y Esperanzas (1997, Amorruz eta itxaropenez), Tiempo de rebeldes (1998, Matxinada garaia), Pura Vida (1998, Bizitza hutsa).
- Mendikute
- Mendikute
- Mendilaz
- mendilerro
- Mendilibarri
- Mendiluce, José María
- Mendillorri
- Mendiluze Gonzalez, Aitor
- Mendimotz
- Mendini, Alessandro
- Mendinueta