Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

mendi

iz. Lurrazaleko jasoune handia, inguruneari buruz aski nabaria. ik. muino. Ernio mendia. Larrungo mendia. Mendian gora doaz. Galdurik mendi artean. Mendi lur sail handiak ditu Hondarribiak. Mendiz mendi ibili. || (Mugatua). Mendialdea. Mendian bizi direnak. Mendiko hizkera. Mendira joaten da asteburuetan.  v  Mendien sorrera. Funtsean hiru prozesuren ondorioz sortzen eta eratzen dira mendiak: higidura orogenikoen ondorioz, sumendien eta lurpeko indarren eraginaren ondorioz eta higadura prozesuen ondorioz.         
Higidura orogenikoak. Higidura orogenikoek lurrazalean dute eragina, eta lurreko parte batzuk altxarazi edo hondoratzen dituzte. Lurrazalak harrizko plaka zurrun batzuk ditu, puzzle bateko piezen antzera egokituta, azpiko geruzaren, astenosfera edo mantuaren, gainean; mantua biguna da, eta plakak higitu egiten dira haren gainean. Plakak elkarretara hurbiltzen direnean, plaka bat bestearen azpian hondoratzen da, eta lurrazala tolesten hasten da; hala sortzen dira mendiak. Lurrazalaren higiduraren ondorioz sortzen diren mendiek edo mendikateek arku handiak eratzen dituzte kontinenteetan zehar; halaxe eratuak dira, adibidez, Ameriketan Ande mendiek eratzen duten arkua, edo Himalaiak Eurasian eratzen duena. Geologia aldietan zehar ziklo orogenikoak izan dira bata bestearen ondoren. Kanbriko aurrean sortu ziren mendiak, ordea, higaduraren ondorioz desagertu ziren. Lehen Aroan sortuak dira, besteak beste, Apalatxe mendiak eta Ural mendiak. Bigarren Aroan ez zen orogenia mugimendu handirik izan, eta higadurak berebiziko eragina izan zuen. Hirugarren Aroan higidura orogeniko berri bat sortu zen; aldi hartan Afrikako plakak eta Eurasiakoak elkarren kontra jo zuten, eta Andeak, Pirinioak eta Atlas mendiak sortu ziren. Era berean sortu ziren Kaukaso mendiak, Himalaia eta Japoniako eta Zeelanda Berriko mendiak. Himalaiako mendikatea Indiako plaka Eurasiakoaren azpian sartzean eratu zen, gaineko plaka tolestu eta gora egin baitzuen; gaur egun ere Indiako plaka indarra egiten ari da barrenetik eta Himalaia goratzen ari da oraindik ere. Garai hartan sortu eta eratu ziren mendi horiek guztiak gazteak eta garaiak dira.     
Sumendiak eta lurpeko indarrak. Bi plakaren artean jarduera handia izaten da, eta batzuetan lurpeko magmak kanpora irteten du, kono itxurako sumendiak eratuz. Ande mendietako gailur asko halakoak dira. Halaber, bi plaka elkarretatik urruntzean, bien tartean eratzen diren rift haranetan ere sumendiak sortzen dira.  
Higadura. Geologia eragileek (urak, izotzak, haizeak…) egiten duten higalanaren ondorioz mendiek forma jakinak hartzen dituzte, eta erliebea eratzen da. Denborarekin, ordea, higadurak mendiak desagerrarazten ditu.  v  Mendiak eta klima. Garaierak moldatzen du, latitudearekin batera, lurralde bateko klima. Gora igo ahala presioa gutxitu egiten da, tenperatura hoztu, aireak ur gutxiago du… Klimarekin batera, landare motak eta landare ugaritasuna ere aldatuz joaten da garaieraren arabera. Bestetik, mendikateak hesien antzekoak dira eta ez diote uzten haizeari igarotzen. Hala, haize hezea datorrenean, mendi hegalean gora joaten da, gora igotzean hoztu, lurruna kondentsatzen da eta euria edo elurra egiten du. Haize babesean dauden hegaletan, airea azkar jaisten eta berotzen da, eta lehor geratzen da berehalaxe. Foehn efektua deitzen zaio horri. Basamortu handi eta eremu idor askok mendikate handiak dituzte inguruan. Eskualde epeletan, 1.500 metrotik gora mendiko klimak izaten dira; halakoetan tenperatura hotzak izaten dira urte guztian.