Meka
Saudi Arabiako hiria, Hejaz-ko erreinuko hiriburua, Arabiako penintsularen mendebaleko ertzean, Itsaso Gorritik ehun kilometro ingurura; 422.000 biztanle. Islameko hiri santua da, han jaio baitzen Mahoma. Mezkita Handia izenekoa dago han eta horren barruan Kaaba deiturikoa, musulmanen gurtzarako gunea. Mezkitaren erdian barruti karratu bat dago, 35.000 lagunentzako lekua duena. Aipagarri dira orobat Zamzam izeneko iturri sakratua eta Abraham-en hilobia (Maqam Ibrahim). Musulmanentzat beharrezkoa da bizitzan behin behintzat Mekara joatea erromesaldian, eta musulman ez direnek debekatua dute han sartzea. Kalifen ordezkariak izan ziren agintari mende askotan Mekan, baina 1517an turkiarrak jabetu ziren hiriaz. 1918an Hejaz-eko erreinuko hiriburu aukeratu zuten.