Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

meiosi

iz. Biol. Zelulen zatitzeko era, sexu bidez ernaltzen diren animaliek eta landareek gametoak edo esporak osatzeko garaian izaten dutena. Zelularen nukleoan bi banaketa izaten dira meiosian, eta lau gameto edo sexu zelula berri sortzen dira banaketen amaieran, bakoitzak jatorrizko zelularen kromosoma kopuruaren erdia duela (hasierako gametoan kromosomen zenbakia diploidea da eta bukaerakoa haploidea). Zelularen banaketa bakoitzak lau aldi ditu (profasea, metafasea, anafasea eta telofasea). Meiosia hasi aurretik kromosoma zenbaki diploidea duen gametoaren nukleoa trinkotu egiten da, kromosomak bikoiztu eta pare homologoetan (mota bereko geneak) antolatzen dira. Pare homologo horiek bereizi eta zelularen mutur banatan kokatzen dira; ondoren zelula erdibitu egiten da, eta bi zelula berri sortzen dira. Banatutako zelula berri horietako bakoitzak kromosoma sail haploide bat du. Bigarren banaketan gauza bera gertatzen da berriz. Kromosoma sail haploide berri bakoitza berriro erdibitzen da, baina kromosoma kopurua murriztu gabe, pare homologo bakoitza bi kromosometan zatitzen baita. Berriro ere pare bikoiztuak zelularen mutur banatara doaz eta zelula erdibitu egiten da. Meiosiaren bukaeran kromosoma zenbaki haploidea duten lau gameto geratzen dira, baina ernaltze unean bi gameto elkartzen direnez gero, bakoitzak bere kromosoma haploideen saila ezartzen du, eta era horretan kromosoma zenbaki diploidea duen izaki berria sortzen da.