Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

megalito

iz. Historiaurrean eraikitzen zen monumentua, landu gabeko harriz egina. Hilarri gisa erabiltzen zen, baina erlijio monumentua eta oroitarria ere izan zitekeen. Hainbat megalito mota daude: trikuharriak, menhirrak, etab.  v  Megalitoen kultura. Neolito eta Lehen Brontze Aroetan Europako mendebalean, Espainiako hegoaldetik Europako iparraldera, zabaldu zen kultura. Dolmen (taol «mahaia» eta men «harria» bretainiar hitzetatik) edo trikuharria da, agian, megalitoen kulturako monumentu zaharrena. Trikuharrian, zutik ezarritako harri batzuek, zutarriek, eusten diote gainean etzanetara ezarritako harri zabal handiago bati. Europako hegoaldean eta Euskal Herrian trikuharria bere horretan agertzen da; Ipar Europan, ordea, alboetan bi zutarri-ilara luze zuten igarobideek egin zieten sarrera trikuharriei. Megalitoen kulturako beste monumentu mota nagusi bat menhir (men «harria» eta hir «luzea» bretainiar hitzetatik) edo jentilarria da, zutik ezarritako harri luzea. Hego Europan eta Euskal Herrian bakan agertzen dira, baina zirkuluak (cromlech) eta multzo handiak osatzen dituzte Ingalaterran (Stonhenge) eta Bretainian (Carnac. Hiri horretan dago munduko multzo handiena: 2.935 menhir edo jentilarri, ilaratan ezarriak). Megalito monumentu gehienek gorpu gordeleku bat dute barnean eta oraindik ez da behar bezala ezagutzen eraikuntza mota horien funtzio sinbolikoa.Cromlech (bretainieraz «harri-zirkuluak»), jentil baratzeak, mairu baratzeak edo harrespilak euskaraz, izeneko monumentu asko dira Euskal Herrian.