Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

medikuntza

iz. Eritasunak ezagutzea, haiei aurrea hartzea eta sendatzea helburutzat duten zientzia jardueren eta tekniken multzoa.  v  Medikuntzaren atalak eta adarrak. Medikuntza osatzen duten zientzia alor nagusiak hauek dira: anatomia (izaki organikoen egitura eta forma, eta organoen antolamendua aztertzen dituena); fisiologia (organoak eta beren eginkizunak aztertzen dituena); patologia (gaixotasunetan izaten diren organoen eta eginkizunen aldaketak aztertzen dituena); genetika (geneak eta horien bilakaera aztertzen dituena); higienea (osasuna babesteko moduak aztertzen dituena); terapeutika (sendatzeko erak aztertzen dituena); farmakologia (kimika sendagaiak aztertzen dituena); bakteriologia eta birologia (bakterioak eta birusak, eta horiek sortutako eritasunak aztertzen dituztenak); etab.  v  Medikuntza historian zehar. Antzinako medikuntza. Garai batean, erlijioarekin eta azti jakintzarekin batera zihoan medikuntza, uste baitzen eritasuna ez zela arauak haustearen edo kanpoko eragile gaiztoren baten ondorioa baizik, eta, horren ondorioz, eritasuna sortzen zuen eragilearen aurkako errituak erabiltzen ziren gaixoa sendatzeko asmoz. Antzinako zibilizazioak, ondo ezagutzen zituzten belarrez gain, kirurgia ere erabiltzen hasi ziren, traumatismoak eta puskatutako hezurrak konpontzeko batez ere: K.a. XX. mendean, Egiptoko medikuek ezagutzen zuten, adibidez, burezurra zulatzeko teknika (trepanazioa); eta Indian, K.a. XV. mendean, tumoreak kentzen zituzten eta kirurgia plastikoa ere egiten zuten. Aurrerapen handiak izan zituen medikuntzak Txinan, eta han sortu zen mendebalera ere zabaldu den akupuntura izeneko sendagintza (ik. akupuntura). Txinatar medikuek arreta handia jartzen zioten odol taupadak aztertzeari –200 inguru odol taupada erritmo ezagutzen zituzten–, eta huraxe erabiltzen zuten diagnosirako. Mediterraneo aldeko zibilizazioetan, Hipokrates greziarra (K.a. 460 – 377) izan zen medikuntzaren aitzindari behinena (ik. Hipokrates). Haren teoriaren arabera, gorputzeko humoreen arteko oreka da osasunaren oinarria, eta, medikuaren eginkizuna, naturaren indarrak oreka horren zerbitzura jartzea. Alexandrian ere izan zen medikuntza eskola garrantzitsu bat, eta eskola hartakoa zen, hain zuzen, Herofilo, anatomia azterketa sakonak (bihotzari eta nerbio sistemari buruzkoak, batez ere) egin zituena. Medikuntzaren alorrean ere, erromatarrek berenganatu zuten greziarren jakintza; erromatar medikurik garrantzitsuena, Galeno (131 - 201), Grezian jaioa zen (ik. Galeno). Galenok zabaldu zituen Hipokratesen teoriak, eta eragin handia izan zuen Europan mendetan zehar. Erdi Aroko eta Berpizkundearen garaiko medikuntza. Erdi Aroaren hasieran, monasterioetan lantzen zen, batik bat, medikuntza, gainerako jakintzak bezala. Arabiar zibilizazioaren bidez sartu zen Europan, greziarren eta erromatarren medikuntzari buruzko jakituria, arabiarrek eginiko itzulpenei eta iruzkinei esker. Ibn Sina edo Abizena sendagileak (980-1037. ik. Ibn Sina) idatzitako Medikuntzaren Kanona izan zen, XVI. mendea arte, medikuntza liburu funtsezkoena. IX. mendean, monasterioetatik ateratzen hasi zen medikuntza, eta eskola garrantzitsuak sortu ziren Elizaren babesetik kanpo: Salerno, Montpellier, etab. Berpizkundearen garaian, besteak beste, inprimeriari esker, aurrerabide handiak gauzatu ziren medikuntzan, anatomia lanentzat batez ere, artea ere (Leonardo da Vinci, Alberto Durero) lagungarri gisa erabili zelarik. Garai horretakoak dira Parazelso (Teofrasto Bombasto von Hohenheim, esperimentuen garrantzia erreibindikatu eta sifilisa aztertu zuena), Andreas Vesalio (1543an De humani corporis fabrica libri septem Giza gorputzaren arteari buruzko zazpi liburuak– idatzi zuena), Girolamo Fracastoro (anatomia aztertu eta kutsatzeari buruzko lehen ikerketak egin zituena), Miguel Servet (odolaren zirkulazio txikia aurkitu zuena); Andrea Cesalpino (botanikan aditua), eta Ambriose Paré (kirurgilaria). XVII. eta XVIII. mendeak. Eritasunak era enpiriko batez aztertzen hasi ziren. Mikroskopioari esker, gorputz ehunak eta mikroorganismoak aztertu ziren, eta, azterketa horien ondorioz, askoz ere zehatzago ezagutu ziren eritasunen zioak. Mende hauetakoak dira, besteak beste, William Harvey (odolaren zirkulazio handia aurkitu zuena); Thomas Sydenham (sukar gorria eta paludismoa aztertu zituena); Marcello Malpighi (odol kapilarrak aztertu zituena); Regnier de Graaf (obulutegiko folikuluak aurkitu zituena); eta Antonie van Leeuwenhoek (protozooak eta bakterioak aurkitu zituena). XVII. mendean zabaldu zen autopsia diagnosi klinikoak baieztatzeko edo gezurtatzeko sistema gisa. Kimikak ere eragin handia izan zuen medikuntzan, eta, alor honetan, garrantzitsuak izan ziren Antoine Lavoisier–ek arnasketaz eginiko azterketak. Fisikaren esparruan, bestalde, Luigi Galvani–k, Alessandro Volta–k eta Albrecht von Haller-ek eragin handia izan zuten fisiologia ikerketetan. Ilustrazioaren garaian, buru osasunaren alorrera ere zabaldu zen, era sistematikoago batean, medikuntza; ildo honetan, Philippe Pinel frantsesa izan zen psikiatria era modernoago batez lantzen hasi zena, eta garai horretan eman ziren, baita ere, erietxeak eta osasun publikoa antolatzeko lehen urratsak. René–Antoine Réaumur–ek, Lazzaro Spallanzani–k eta William Prout–ek digestio aparatua aztertu zuten. 1796an, Edward Jenner–ek baztangaren aurkako txertoa aurkitu zuen. XVIII. mendearen bukaeran, Christian Hahnemann–ek homeopatiaren oinarriak finkatu zituen. XIX. mendea. Louis Pasteur (eritasun askotan bakterioek duten eragina aztertu zuena) eta Robert Koch (tuberkulosiaren baziloa aurkitu zuena) izan ziren mikrobiologia modernoaren aitzindariak. August von Wasserman–ek sifilisaren diagnosirako erreakzio bat zehaztu zuen, haren izena daramana. Claude Bernard–ek endokrinologiaren oinarriak finkatu zituen, eta Rudolf Virchow–ek zelulen patologiarenak. Elie Méchnikov–ek fagozitosia aztertu zuen. Wilhelm Conrad Roentgen–ek, 1895ean, X izpiak aurkitu zituen, eta Curie senar–emazteek, 1898an, erradioa. XX. menderako mugan, Ivan Petrovich–ek erreflexu baldintzatuak aztertu zituen, eta Sigmund Freud–ek psikoanalisiaren teoria osatu zuen. XX. mendea. Molekulen biologia, biokimika, zitologia eta genetika alorretan egin diren aurreramenduek eragin handia izan dute medikuntzan. Diagnosiak eta kirurgiak ere, teknika berriak erabiliz, aurrera egin dute, eta, 1967an, Christian Barnard–ek lortu zuen, lehendabiziko aldiz, pertsona baten bihotza beste bati txertatzea. Eritasun kutsakorren kontra, antibiotikoak eta kimioterapia hasi ziren erabiltzen. Alor honetan, Alexander Fleming–ek penizilina aurkitu zuen; Selman A. Wasman–ek, estreptomizina eta aktinomizina; eta Gerhard Domagk–ek, sulfamidak. Elektronika eta informatika ere sartu dira medikuntzan, eta osasun publikoa eta honen inguruko plangintza indartu eta mundu guztira hedatu dira, batez ere 1946an Munduko Osasun Erakundea sortu zenetik aurrera. ■ Medikuntza aeroespaziala. Medikuntza prebentiboaren azpi-espezializazioa, hegaldiek gizakiarengan dituzten ondorio fisiologiko eta psikologikoak aztertzen dituena. Hegaldia lurraren atmosferan gertatzen bada, abiazioko medikuntza deitzen zaio, eta atmosferaz haratagokoa bada, espazioko medikuntza. ■ Abiazioko medikuntza. Hegazkin hegaldietan gizakiak dituen errakzioak aztertzen ditu. Era berean, pilotugaiak aukeratzeko, eskifaia egoera onean mantentzeko eta ingeniari aeronautikoekin batera hegazkin seguruagoak garatzeko ere erabiltzen da. Historia. XVIII. mendean sortu zen, aerostatoetako lehen pilotuen azterketa fisiologikoekin. Globoan lehen hegaldia egin eta urtebetera, 1784an, Bostongo mediku batek, John Jeffries-ek, altueratako airearen osagaien lehen azterketa egin zuen. 1878an Paul Bert sendagile frantsesak La pression barometrique argitaratu zuen, espezialitate honetako lehen tratatua; bertan, presio atmosferikoaren eta airearen osaketaren aldaketek gizakiaren gorputzean eragiten dituzten ondorioak deskribatu zituen. 1894an Herman Von Schrötter fisiologo vienarrak oxigeno mozorro bat asmatu zuen, eta harekin Artur Berson meteorologoak altitude errekorra lortu zuen: 9,15 metrora iritsi zen. Hegazkinak sortzean, pilotu militarrentzako lehen arauak ezarri behar izan ziren 1912an. Jantzi presurizatua Wiley Post pilotu estatubatuarrak asmatu zuen 1934an, eta grabitatearen aurkako jantzia W. R. Franks britainiarrak 1942an. John Stapp kirurgialari estatubatuarrak pilotuen ainguraketa sistema hobetu zuen, eta harekin 200 m/s dezelerazioa lortu zuen 1954an. Ondorio fisiologikoak. Altitude eta lastertasunaren ondorioak, azelerazio eta dezelerazioak eta presio atmosferikoaren aldaketak ikertzen ditu abiazioaren medikuntzak, eta baita hegaldietako bidaiarien zorabioak ere. Lastertasun handiak ez du kalterik eragiten, baina bai azelerazio eta dezelerazioek. Azelerazio maila jakin bati zenbait segundoz eutsiz gero, ikusmena lauso daiteke, eta zorabioak ere eragin ditzake. Hori eragozteko, grabitatearen aurkako jantzi bat erabiltzen da, presio bidez odola hanketan eta sabelaldean pila dadin galarazten duena. Dezelarazioek muki-mintzak handitzea eta zefalea larriak eragin ditzaketenez, bururako euskarri bereziak asmatu dituzte. Bestalde, altitudeko 4.500 metrotik gora, presio barometrikoa dela-eta, airea presurizatu egin behar da oxigenoa hartu ahal izateko. Horregatik, hegazkinetan oxigeno ekipo bereziak, eta kabina edo jantzi presurizatuak erabiltzen dira, altueraren araberakoak. Alturetako gaixotasunaren ondorioz hipoxia gertatzen da (oxigeno gabezia larria), eta horrek lehendabizi suminkortasuna eta asaldura eragiten ditu, ondoren arreta galtzea, eta azkenik konortea galtzea; arnasketa eta bihotza azkartu egiten dira, eta ehunetara oxigeno gutxiago heltzen da. Hipoxia luzeak kalteak eragiten ditu garunean. Beste arrisku bat enboliak sortzearena da. Presio atmosferikoa jaistean, aireko nitrogenoa disoluzioan iraun ezinik, burbuila moduan askatzen da gorputzeko ehunetan, eta odolean sartuz gero enboloak sorraraz ditzake. Ondorioz, nahasketa, garuneko zirkulazioaren paralisia eta iskemiak eragindako artikulazioetako mina ager daitezke. Hegan hasi aurretik oxigeno purua arnastuz neurri batean arazoari hartzen zaio, nitrogeno kopuru bat kentzen baitu. Bestalde, labirintoaren aldaketak eragiten du hegaldietako zorabioa barne belarriko, baina sendagaiak hartuz ekidin daiteke. Gaitz horiez guztiez gainera, denbora gutxian ordu-eremu desberdinak igarotzen badira, gorputzaren ordulari biologikoa (erritmo zirkadianoa) aldatzen denez, nahasketa, arreta galtzea… gerta daitezke (ik. jet-lag); bidaiariengan denborarekin joaten bada ere, pilotuen kasuan kezkagarria izan daiteke, batez ere segurtasunean izan ditzakeen ondorioak direla eta. ■ Espazioko medikuntza. Bioastronautika ere deitzen zaio. Atmosferatik kanpoko hegaldietako giza faktoreak aztertzen ditu. Arriskurik gehienak (azelerazioa, dezelerazioa, atmosfera artifizialaren beharra, zarata, dardarak…) hegaldi atmosferikoetakoen antzekoak dira, eta modu bertsuan galaraz daitezke. Hala ere, espaziokoetan bi arazo gehiago daude: grabitaterik eza eta irrada ionizatzaileak. Historia. Espazioko hegaldietan gizakiak duen jarrerari buruzko lehen datuak 1940. hamarraldian jaso ziren Alemanian, Hubertus Strughold-en zuzendaritzapean. Bai Estatu Batuetan eta bai Sobietar Batasun ohian 1948an hasi ziren animaliekin esperimentuak egiten. 1957an errusiarrek zakur bat jarri zuten orbitan, eta estatubatuarrek tximino bat 1958an. Arrisku biologiko gutxi zegoelako ondorioa atera zuten bi kasuetan, eta horixe frogatu zen 1961eko apirilean Yuri Gagarin-ek espazioko lehen hegaldia egin zuenean. 1980. hamarraldian sobietar kosmonautak espazioan irauteko errekorrak hautsiz joan ziren, eta orduan hasi ziren epe luzeko grabitaziorik ezaren arriskuak aintzat hartzen. Aurkikuntza fisiologikoak. Lehen hegaldi espazialetan aldaketa biologiko garrantzitsu gutxi atzeman ziren. Bihotza, pultsua, gorputzeko tenperatura, odolaren presioa, arnasketa, elkarrizketak, pilotuen arreta eta elektroentzefalograma oso sarri aztertzen zituzten, eta aldaketa gutxi ikusi ziren: aldaketa hormonalak eta aldaketa ioniko ez arriskutsuak batez ere. Elikatzeko, eta pixa eta gorozkiak botatzeko ontzi bereziak asmatu zituzten, eta eguna eta gauaren zikloa konpentsatzeko astronauten loaldia Lurreko ordutegiarekin sinkronizatu zuten. Eremu txikian itxita egon arren eta jarduera fisiko gutxi izan arren, arazo psikologiko gutxi agertu ziren, alde batetik astronautak beren emozio egoera egonkorragatik eta motibazioagatik aukeratzen zituztelako, eta bestetik, lanpetuta edukitzeko ariketa ugari ezartzen zitzaizkielako. Bestetik, orbita azpiko hegaldietan eta epe motzeko orbitakoetan irradak erradiografia batekoen antzekoak zirela ohartu ziren. Gainera, eguzki irradak galarazteko sasoirik egokiena aukeratzen zuten, gamma irrada kopuru handiak eragozteko. Grabitateari dagokionez, giza garapen normalerako uste baino beharrezkoagoa zela konturatu ziren: osteoporosi eta giharretako indarraren galera handiak antzeman ziren 1984an 237 egun espazioan igaro zituzten hiru astronautengan. Bestalde, giharretako atrofia ere gertatzen zela ohartu ziren, oso arriskutsua, batez ere bihotzean izan zezakeen eraginagatik eta globulu gorriak urritu egiten zirelako odolean. 1985ean Challenger ontzian arratoi eta tximinoekin ikertu zituzten ondorio horiek, eta espero ziren kalteez gainera, hazkuntzako hormona urritzen zela ere ikusi zuten. Aurkikuntza horiek direla-eta, jarduera bereziak prestatzen dira astronautentzat (giharren tonua mantentzeko ariketa fisikoak…), eta espazioko estazioetan astronautak nahiko sarri ordezkatzen dituzte, grabitaterik gabe denbora luzean egon ez daitezen. 1998ko apirilean mikrograbitate egoeretan nerbio sistemaren jokaera aztertzeko NASAk Neurolab izeneko proiektua jarri zuen martxan, Santiago Ramón y Cajal espainiar zientzialariaren omenez. Columbia espazio jaurtigailuaren laborategi presurizatuan, animalia ugariz gainera, Cajalen prestakin histologikoetatik hamabi sartu zituzten. ■ Medikuntza alternatiboa. Sendabide ez konbentzionalen multzoa, hau da, Mendebaldeko medikuntza konbentzionaltzat jotzen ez direnen multzoa. Batzuetan osagarriak ere deitzen zaie, horietako batzuk medikuntza tradizionalaren osagarritzat hartzen direlako. Jendearengan eta zenbait mediku konbentzionalen artean ere sendabide horietako batzuek onespen handia izan duten arren, beste batzuk oraindik errezeloz hartzen dira, eta mediku askok gaitzetsi ere egiten dituzte. ■ Medikuntza holistikoa. Organismoa osotasun gisara hartuz tratatzen duen filosofia da. Tradiziozko medikuntza mekanizista izan da, hau da, gorputzaren atalak bereizirik tratatu izan ditu, eta medikuaren papera ezinbestekotzat hartu izan da sendakuntzarako. Adimen eta emozio egoerak ez ditu aintzat hartu, ez gaixotasunaren arrazoiak aztertzeko, ez sendabidean jartzeko. Medikuntza holistikoak, berriz, egoera emozional, sozial, fisiko eta espiritualak kontuan hartzen ditu, eta terapiari berari ematen dio garrantzia sendaketa prozesua bizkortzeko. Gorputzaren eta espirituaren arteko elkarreragina nabarmentzen du. Beraz, gizakiari bizitzeko orientazioa eta bere zorionaren zentzua ematearen garrantzia azpimarratzen du, eta baita ongizatearena eta osasuna mantentzearena ere. Medikuntza tradizionalak gaixotasunen jatorrian garrantzia arrazoi patologikoei (bakterio, birus, inguruko eragileak…) ematen dien bitartean, medikuntza holistikoak dioenez, ohitura txarren eta estres fisiko eta psikikoaren eraginez gorputza gaitzak hartzeko ahuldurik egoteak eragiten ditu gaixotasunak. Gaixotasunean, beraz, faktore biologikoez gainera, zerikusia du indar sozial, pertsonal eta ekonomikoen arteko desorekak. ■ Ekialdeko medikuntza. Azken urteotan ekialdeko zenbait sendabiderekiko interesa piztu eta handitu egin da Mendebaldeko gizartean, akupuntura, masajea, makrobiotika eta sendabelarren kasuan adibidez. Ekialdeko sendabideak taoismoan (antzinako pentsaera eskola) oinarritzen dira. Taoisten arabera, etengabeko mugimendua dago bi poloren artean, hau da, yin eta yang-en artean, eta bien arteko energia da fenomeno biologiko guztien indar eragilea. Izaki bizidun guztiengan erraz ikus daitekeen isuri edo mugimendu jarraitu eta etengabea mantentzen dute. Yin-a hedapenerako joera da, eta yang-a uzkurdurarakoa (yin-aren adibideak: polo negatiboa, emakumezkoa, pasibotasuna, Lurra, ilargia…; yang-arenak: polo positiboa, gizonezkoa, aktibotasuna, zerua, eguzkia, gerra…). Funtsean, elkarren osagarri dira, eta osasuna eta ongizatea sortzeko bien arteko oreka behar da. Izaki guztiengan dagoen energia dinamikoari, yin eta yang-ak jarduteko bideari, ki deitzen zaio (ki Japonian, txi Txinan eta prana Indian). Izaki bizidun guztiengan ki hori desberdina da. Eguneroko jaki eta edariak ki ematen digunez, ekialdeko medikuntzaren helburua jaki eta edari kopurua neurtzea da, organismoaren barruan ki horren jario harmonikoa ahalik eta ongien baliatzeko. Gorputza bi organo motatan bereizten dute: xurgatze organo hutsak (besikula, heste meharra…) yin dira, eta organo trinkoak (bihotza, gibela, giltzurrunak…) yang. Yin edo yang organo batek behar duen ki neurria bere dentsitate eta egituraren baitakoa da. ■ Akupuntura. Ekialdeko medikuntzaren sendabide ezaguna da, bizi energia igarotzen den gorputzaren ataletan orratzak sartzean datzana. Txinan aurkitu zuten, ustekabean: geziz zauritutako soldaduei hainbat urtez jasandako zenbait gaixotasun sendatzen zitzaikiela ikusi zuten. 1958an anestesia gisa hasi zen erabiltzen, ebakuntza baten ondorengo oinazeak arintzeko. Geroago kirurgian anestesia oso gisa erabili zen. Mendebaldeko herrialdeetan oinazeak arintzeko erabiltzen da. ■ Homeopatia. Sendabide honek batasuna duen organismo gisa hartzen du gorputza. Jatorria XIX. mendean du: 1881ean Samuel Hahnemann-ek gaixotasuna ezin zela organismotik modu mekanikoan ezabatu adierazi zuen, eta medikuntza holistikoa defendatu zuen, modu azkar, seguru eta iraunkorrean sendatzen zuelakoan. Homeopatiaren ustez organismoak berezko bizi indar bat du, osatzeko ahalmena ematen diona. ■ Medikuntza kiropraktikoa. Izenak eskuzko medikuntza esan nahi du, eta medikuek Hipokratesen garaiaz gero erabili dute. Gaur egungo medikuntza kiropraktikoa 1895ean hasi zen, eta sendagairik erabiltzen ez duen medikuntzarik hedatuena da. Ez du mediku edo kirurgia tratamendurik; prebentzioan oinarritzen da, eta aholku psikologikoen, higienearen, elikaduraren, eta bizkarrezur eta beste artikulazioetako erabilketaren bidez lortzen du sendaketa. Gorputzean, eta zehatzago bizkarrezurrean, mugimendu erritmikoak ematean datza, eta baita nerbio uzkurdurak edo odol basoetako hertsadurak egon daitezkeen gorputz ataletan masajeak ematean ere. Medikuntza osteopatikoaren oso antzekoa da, baina kiropraktikoek X izpiak maizago erabiltzen dituzte, eta oro har, bizkarreko minak sendatzeko eta osasuna itzultzeko hobeto prestaturik daudela uste da. ■ Masajea eta somatoterapia. Terapia formarik zaharrenetakoak dira. Jatorriz Ekialdekoak diren arren, gaur egun Mendebaldean ere asko erabiltzen dira. Ekialdeko masajea nekea, astuntasuna, sorbaldetako zurruntasuna eta zefaleak arintzeko dago pentsatuta. Mendebaldean, berriz, nerbioak, artikulazioak, giharrak eta sistema endokrinoaz arduratzen da, eta besteak beste apoplejia, poliomielitisa, artikulazioetako gaitzak, sabeleko min kronikoak eta idorreria kronikoa tratatzeko erabiltzen da. Gorputzak eta buruak elkarri eragiten diotela uste dutenez, masajeekin nerbio eta giharrak estimulatuz gorputza eta burua batzen, koordinatzen eta integratzen saiatzen dira. Gorputzaren atal bakoitzean nerbio espiral batek agintzen duela hartzen dute oinarritzat; beraz, nerbioaren funtzioa ezabatzeko presio arina egiten dute, eta nerbioaren funtzioa bizkortzeko edo suspertzeko presio handiagoa. ■ Erreflexologia. Akupuntura eta masajearen ezaugarrietako asko ditu. Oinaren puntu jakinetan masajeak ematean datza. Puntu horiek gorputzaren funtzio eta organoei dagozkiela uste da, hau da, orpoaren eta behatzen artean 720.000 nerbio amaiera daudela, eta horiek gorputzeko barne organoekin daudela loturik. Era berean, diagnostikoetarako ere erabil daiteke erreflexologia: organo bat behar bezala ez badabil, oinean dagokion puntu erreflexua ere ez da ongi egongo; minbera egongo da, eta horrek diagnostikorako balio dezake. Shiatsu izeneko masaje mota (hatzaren presioaz) mina arintzeko eta gaixoak indartzeko erabiltzen da. ■ Meditazioa. Autokontrola eta ingurunearekiko kontrola lortzea bilatzen du. Meditazioan pentsamendua pertzeptziotik bereizten da, eta gizakia emozioetatik kanpo gera daiteke; meditazioan parte hartzen dutenek Jainkoaren kontzientzia handiagoa hartzen dute, eta bizitzako gauza jainkotiarretatik hurbilago jartzen dira. Mendetan erabili izan da, batez ere Ekialdeko erlijio askotan. Budistek adibidez, adimena garbitzeko eta barneratzea lortzeko baliatzen dute. Meditazioko programa gehienek ardura handiagoa eskaintzen diote barnekoari: sentimenduen alderdiren bati, pentsamendu bati, prozesu fisiko bati edo soinu bati. Baina kanpoaldeko zerbaitean arreta jarriz ere lor daiteke; esate baterako, objektu edo jarduera fisiko batean. Edonon eta edonoiz praktika daiteke, nahiz eta hobe den jarrera eroso batean, begiak itxita eta gihar guztiak erabat lasaituta daudela egitea. Estresaturik dagoenari bihotza, arnasketa eta tentsioa azkartzen zaizkio; arnasaldi motz eta azalekoak egiten dira. Horregatik, terapeuten tresnarik erabiliena arnasketa sakona da. Yogaren bidez arnasketa eta gorputzaren jarrerak lasaitzea lortzen da, bizitasun fisiko eta burukoa hobetzeko, eta tentsioa arintzeko. Yogak barne lasaitasunaren eta orekaren egoeratzat hartzen du zoriona, eta barneko bakea eta harmonia dira bere terapiaren zutabeak. ■ Aromaterapia. Jatorria antzinako egiptoarrengan aurki daiteke, esentzia naturalen olioak (eukaliptoa, izpilikua…) erabiltzen baitzituzten azaleko gaitzak tratatzeko. Mendebaldean, 1930ean René Maurice Gattefosse frantses kimikaria ohartu zen kosmetikoetan erabilitako esentzien olioak medikuntzan ere erabil zitezkeela. Terapeutek modu askotara ematen dituzte olioak, baina gehienetan azalean igurtziz. Ondoren, gorputzak xurgatu egiten ditu eta gorputz barruan zehar ibiltzen dira. Sendabide honen aldekoen arabera, egoera asko (hanturak, azal koipetsua edo lehorra, gripea, immunitate fisikoaren urritzea…) senda daitezke aromaterapiaren bidez. Emozio arazoak ere trata omen daitezke olioekin. ■ Belar medikuntza. Sendabelarren zientziari dagokio, eta antzinatik erabili izan da. Sendabelarren sailkapenik osatuena 1640an argitaratu zen: Parkinson-en Theatrum Botanicum. Gaixotasunaren arabera, landarearen zati bat edo landere osoa baliatzen da, baina normalean haziak, lore fruituak, hostoak, enborrak eta azalak dira erabilienak. Terapiarik ohikoena landarea infusioan edo alkoholarekin nahasirik hartzea da. ■ Irudikatzea. Desio diren egoerak irudimenaren bidez lantzean datza. Teknika desberdinak erabiliz irudika daiteke irudi bat, eta zenbat eta osatuagoa eta indartsuagoa izan irudia, hainbat handiagoa izango da gorputzaren erantzuna. Irudikapena kontzientea denez, gizakiak bere irudimena modu egituratuan erabil dezake, eta desira eta ametsekin loturak egin. Horrela, gaixotasunaren sintoma fisikoak kontrolatzera eta lasaitzera irits daiteke. Hau da, sendabide hau defendatzen dutenen arabera, batek ongi dagoela pentsatzen badu, hobeto aurkituko da, eta gorputza barrutik nolakoa den irudikatuz gero, hainbat gaitz mendera ditzake, hala nola hipertentsioa. Irudikapenak sentimenduei eusteko balio dezake, eta baita estresa eta zenbait gaixotasunen agerpen fisikori aurre egiteko ere. Hala ere, uste horiek polemika ugari sorrarazi dute. ■ Naturopatia. Hitzak "sendaketa naturala" esan nahi du, eta giza gorputza bere jatorrizko "osotasunezko" egoerara bideratzen duten terapia mota guztiak biltzen ditu. Kultura askoren iritziz (Ameriketako herri indigenak adibidez), izaki bizidun guztietan dago sendatzeko ahalmena. Oinarrian hau uste da: organismo baten zelulek osotasun funtzional gisa lan egiten dute organismoaren onerako, eta era berean organismoak ere zelula guztien onerako egiten du lan, eta hondakinak ezabatu. Gaixotasun bat agertzen denean, bizi energia bortxatuta dagoela esaten dute, eta sendatzeko ahalmen naturala blokeatuta dagoela. Naturopatiak gaixotasunaren etiologiari begiratzen dio: gaixotasunaren arrazoiak ezabatu edo aldatzea bilatzen du. Terapiarako ez dute sendagai edo kirurgiarik erabiltzen, baizik eta ustez sendatzeko ahalmena duten gai eta bide naturalak: baraualdiak, hidroterapia, masajeak, bitamina eta mineralak, barazki dietak, elikagai osasungarriak, belarrak, kirola, buztina. Sendabide honek gero eta onespen handiagoa du jendearen artean, baina legez duen egoera desberdina da herrialde bakoitzean: batzuetan debekaturik dagoen bitartean, beste batzuetan onartuta dago.