Medicus Mundi
Gobernuz kanpoko sendagile erakunderik handiena, gerrak, gaixotasunak, goseteak edo miseria direla-eta gizakiaren bizitzarako arriskua dagoen tokietan laguntza emateko helburua duena. Ez du inongo elkarte politiko edo erlijiorekiko loturarik. Mediku talde batek sortu zuen 1970. hamarraldian Frantzian, sufritzen ari direnen alde jardun eta borrokatzeko, arraza, kultura, erlijio edo politikazko testuingurua kontuan hartu gabe. Espainian 1988an ezarri zuten ordezkaritza, eta 1990ean autonomia eta izate juridikoa lortu zuen. Espainian bertan, talde desberdinen bazterketak eragozteko lanetan aritzen da, hala nola drogazale, prostituta, Hiesdunak eta abarrenak, eta baita etorkinei laguntzen ere. Urtean 300 milioi dolarreko aurrekontua du; horren erdia baino gehiago jendearen diru emateetatik lortzen du. Horrez gainera, bazkideen kuotek, erkidegoetako eta nazioetako elkarteek, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta Europar Batasunak ere finantzatzen du. ■ Jardunbideak. Larrialdiak: hondamendi naturalek bat-batean eta aldi baterako kaltetutako lurraldeetan presakako laguntza ematen du. Gaixo, zauritu eta iheslariez arduratzeaz gainera, beharrezko osasun eta higiene azpiegiturak eraikitzen ditu. Laguntza humanitarioa: hiltzeko arriskuan daudenen premiei aurre egiten saiatzen da. Garapenerako lankidetza: epe luzerako egitasmoak garatzen ditu (erietxe eta mediku zentroak eraiki, bertako jendeari prestaketa eman, politikariekin hitz egin… ), lurralde bateko oinarrizko osasun azpiegituran sartzeko. Laugarren mundua: osasun, elikadura, etxebizitza edo zuzenbidezko baliabideak iristen ez diren lurraldeetako jendeari edota lehenengo munduan baztertuta daudenei laguntza ematen die. Arreta berezia eskaintzen die Hiesaz gaixo daudenei, drogazale eta prostituten artean prebentzio programak eginez. ■ Jarduera esparruak. 1994an 2.950 boluntario zituen mundu osoko 64 herrialdetan lanean. Askotan, gerrateetan laguntza eman duen mediku erakunde bakarra izan da, Afganistanen, Ruandan eta Somalian esate baterako. Espainiako erakundeak, besteak beste, Albania, Kroazia, Angola, Kenya, Mauritania, Tanzania, Mendebaldeko Sahara, Kongo (Ruandako iheslariekin), Brasil, Kolonbia, Kuba, Guatemala, Mexico, Paraguai, Albania, Bosnia-Herzegovina eta Espainian garatzen ditu proiektuak. Gaur egun erakunde desberdin ugari dago munduan zehar: Espainian, Estatu Batuetan, Frantzian, Grezian, Hungarian, Italian, Polonian, Suedian eta Suitzan.
- mediana
- Mediano
- mediar
- mediastino
- Medici
- Medicus Mundi
- mediku
- medikuntza
- medikutza
- Medina
- Medina-Sidoniako dukea