Mazarini, Giulio
Frantses kardinal eta politikaria, sortzez italiarra (Pescina, 1602 - Vincennes, 1661). Colonna printzeei lotuta zegoen familia bateko semea zen. Jesuiten artean hezi zen. Alcala de Henaresen egin zituen zuzenbide kanonikoko ikasketak eta Erroman lortu zuen doktoretza. Aita Santuaren gudarosteetako ofizial izan zen lehenbizi. Aldi berean zenbait diplomazia eginkizun ere bete zituen harentzat. Diplomaziarako zituen dohainak ezaguturik Luis III.aren zerbitzuan sartu zuen Richelieuk eta haren politikaren aldeko izan zen Erroman. 1639an Frantziako herritar egin zen. 1641ean kardinal egitea lortu zion Richelieuk. Richelieu hil zenean Errege Kontseiluko buru izendatu zuten eta Austriako Anaren erreginaldian berak zuzendu zuen, esateko, Frantziako politika. Aginpide gogorraren eta monarkia absolutuaren aldekoa zenez, aristokrazia eta parlamentarioak kontra eduki zituen, eta laster hasi behar izan zuen Handizkien kabala-rekin borrokan. Kanpo arazoetan bakezalea zen. Hogeitamar Urteko Gerra geratzen saiatu zen, Brömsebroko Bake hitzarmenaren eragileetakoa (1645) izan zen, Ulmeko armistizioa (1647) eta Wesfaliako Bake hitzarmena sinatu zituen; eta, nahi zuena lortu gabe horretan, Kataluniatik frantses gudarosteak ateratze aldeko izan zen. Wesfaliako Bake hitzarmenarekin batera Frantziak XVII. mendean izan zuen krisirik handienari aurre egin behar zion, Fronda izeneko elkarteetan bildu ziren nobleziaren, parlamentarioen eta beste burges batzuen monarkiaren kontrako oposizioari aurre egitea alegia. Gorteak Paristik irten egin behar izan zuen Condéren gudarosteek haiek garaitu zituen arte. Gogorragoa izan zen nobleziaren Frondak, Vendôme, Retz, Rohan eta Condé bera buru zituela, eragin zuen krisia. Hainbat probintzia absolutismoaren kontra matxinatu eta Mazarini atzerrira joan behar izan zuen bi bider, 1651n eta 1652an. Frondazaleak erabat garaitzean (1653) berriro sartu zen Frantzian. Handik aurrera ere agintzeko modu zentralista eraman zuen. Kanpo arazoetan, Cromwellekin aliantza bat egin zuen (1655), Ingalaterrari Dunkerke utziz, Espainiako erregetzaren kontra garaile izateko. Pirinioetako bakearekin Flandesko, Rosellóko eta Sardiniako lurralde batzuek bereganatu zituen.