Masur, Kurt
Alemaniar orkestra zuzendaria (Brieg, gaur Brzeg, Polonia, 1927). Pianoa eta txeloa ikasi zuen Breslauko Musika Eskola Nazionalean, Alemanian (gaur egun Wroclaw, Polonia), 1942. urtetik 1944. urtera. Hurrengo urteetan, 1946-1948 urteetan, Leipzigeko Kontserbatorioan osatu zituen bere ikasketak, piano, konposizio eta zuzendaritzaren alorretan. Kurt Masur garai klasikoko eta erromantiko musikan aditua da, eta orkestra zuzendari gisa nabarmendu da bere karreran. 1960-1964 bitartean Berlin Ekialdekoan Opera Komikoaren zuzendari musikala izan zen, eta 1967-1972 urteen artean Dresdengo Orkestra Filarmonikoarena. Bitarte horretan, 1970. urtean hain zuzen ere, Leipzigeko Gewandhaus Orchestraren zuzendari izendatu zuten eta hainbat bira egin zituen talde horrekin. Bestalde, munduko orkestra nagusiekin aritu da zuzendari gonbidatu gisa. Ameriketan Cleveland Orchestrarekin 1974. urtean egin zuen debuta, eta 1981ean zuzendu zuen, lehenengoz, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa. 1991. urtean orkestra horren zuzendari musikal izendatu zuten.