Masters eta Johnson
Estatu Batuetako ikertzaileak, gizakiaren sexualitatea ulertzeko garrantzi handiko aurkikuntzen egileak. Mastersek eta Johnsonek gizakiaren sexu jokaera ikertu dute, eta arazo sexualen tratamenduari eta terapiari buruzko lanak ere egin dituzte. Bere ikerketak aurrera eramateko teknologia zabala erabili zuten, elektrokardiogramak, elektroentzefalogramak, kamerak eta baliabide biokimikoak etab., estimuluen aurrean gorputzak zein erantzun fisiologiko ematen zuen aztertzeko. Zenbait lan eman zituen argitara elkarrekin, baina bat izan da bereziki garrantzitsua sexologiaren historian: Human Sexual Response (1966, Gizakiaren sexu erantzuna). Liburu horretan hizkuntza teknikoa erabili zuten, ikertzaileei zegoen zuzenduta, baina best seller izatera iritsi zen. Beste lan aipagarri batzuk ere argitaratu zituzten, adibidez Human Sexual Inadequacy (1970, Desegokitasun sexuala), Pleasure Bond (1975, Plazerraren lotura), eta Heterosexuality (1994, Heterosexualitatea), Robert C. Kolodnyrekin elkarlanean azkena. Masters eta Johnson 1971. urtean ezkondu ziren, eta 1993an dibortziatu. ■ William Howell Masters. (Cleveland, 1915). Medikuntza ikasketak egin zituen Rochester School Unibertsitatean eta 1943an eskuratu zuen doktoregoa. 1947an Washingtongo Unibertsitateko Medikuntza eskolan hasi zen lanean. Masters 1954an hasi zen sexuaren ikerketa programan lanean eta handik hiru urtera Johnsonek bat egin zuen berarekin. ■ Virginia Johnson. (Springfield, 1925). Missouri eta Kansas Cityko Unibertsitateetan egin zituen ikasketak. 1954. urtean hasi zen sexualitateari buruzko ikerketak egiten, eta 1957an hasi zen Mastersekin lanean. 1964an Ugalketa Biologiaren Ikerketen Fundazioa sortu zuen (gaur egun Masters and Johnson Institutua), sexu arazoak dituzten bikoteen tratamendurako eta terapiarako, eta sexu ikerketetarako zentroa.