Massif Central
Frantziako erdi-ekialdeko lurralde menditsua; Okzitanian dago, eta bertakoek Massif du Nord deitzen dute. Mendebalean eta ipar-mendebalean Akitaniako behe-lurrak eta Loira ibaiaren arroa ditu muga; ekialdean Rhône-Saône arroa, eta hegoaldean Languedoc-eko lurraldeak. Gai kristalinoz eta metamorfikoz dago osatua, batez ere. 90.000 km2 da zabal, eta ipar-mendebalerantz okerturik dagoen goi-ordoki baten itxura du. Frantziaren lurralde osoaren seiren bat hartzen du. Gailurrik garaienak Puy de Sancy (1.885 m) eta Plomb de Cantal (1.858 m) dira, baina lur gehienak 600-900 m bitarteko goi-ordokiak dira. Pliozenoaren garaiko sumendiek kono ugari utzi dituzte bertan. Klima kontinentala da, elurte asko izaten da, eta denbora luzean izaten da izotza. Nekazaritzak eta abere hazkuntzak garrantzi handia dute Massif Centraleko ekonomian. Hegoaldeko mendietan artaldeak dira ugarienak, eta Limousin inguruko goi-ordoki apalagoetan, berriz, behiak. Nekazaritzan zekalea izan da gairik ugariena, baina gariak hartu du gaur egun haren lekua. Horiez gainera mahatsa, patata, fruituak eta erremolatxa hartzen dira. Saint-Étienne-n, Alès-en eta Blanzy-n ikatz meategiak daude. Ibai ugarietan elektrizitate zentralak daude. Lyon hiri inguruan siderurgiagune garrantzitsua eratu da. Frantziako lurralde jendetsuenetakoa da, baina biztanleak oso modu desberdinetan daude bilduta: Saint-Étienne, Clermont-Ferrand eta Limoges inguruetan biztanle multzo handiak bildu dira; goi-ordoki batzuk, berriz, edo Caussesko alde batzuk ia hutsik daude. Hiri aipagarrienak: Lyon, Saint-Étienne, Le Creusot, Clermont-Ferrand eta Limoges.