Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Martzilla

Nafarroako hegoaldeko udalerria (Erriberriko merindadea). Mugak: iparraldean Faltzes, Erriberri eta Azkoien; ekialdean Kaparroso; mendebalean Azkoien eta Funes, eta hegoaldean Alesbes. Garaiera, 290 m. 21,32 km2. 1999ko datuen arabera, 2.517 biztanle ditu (martzillarrak). Auzo nagusiak: La Azucarera, Estacion, Martzilla (herriburua) eta El Soto. Aragoi ibaia ekialde mendebal igarotzen da udalerriaren hegoaldetik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, artoa, zainzuriak, barazkiak, bazkarako landareak, lekadunak, behi, zerri eta ardi azienda; langileen % 35), industria (janari industria, kontserbak; langileen % 35) eta zerbitzuak (dendak, garraioak, irakaskuntza, administrazioa; langileen % 30) dira. Aipagarri dira, besteak beste, herriaren erdian ageri den XV. mendeko gaztelu gotikoa, XVIII. mendearen bukaerako San Bartolome eliza neoklasikoa, XVIII. mendeko agustindar errekoletoen komentua eta XVII. mendeko monasterio zistertarraren arrastoak, Aita Faboren plazan.  v  Historia. Alfontso I.a Gudularia Aragoiko erregearen eskutik jaso zituen foruak Martzillako herriak. Han sortu zuen Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregearen emaztea zen Santxa Leongoak, 1160. urtean, komentu zistertarra.