Mariscal, Ana
(Izen osoa, Ana María Rodríguez Arroyo Mariscal). Espainiar zinema zuzendari eta antzezlea (Madril, 1923 - 1995). Madrilen Zientzia zehatzak ikasten hasi zen, baina berehala nabarmendu zitzaion antzerkirako zaletasuna. Profesional gisa Llegada de noche obran egin zuen debuta (1941), Compañía del Teatro Nacional María Guerrero taldearen eskutik; talde harekin arrakasta handiko zenbait obra antzeztu zituen, eta harrezkero zenbait konpainiaren sortzaile eta partaide izan zen. Zineman El último húsar (1940) izan zuen lehen lana, eta arrakasta handiko filmak ditu, besteak beste, Raza (1941, Arraza), Doce horas de vida (1948, Hamabi orduko bizia), Pacto de silencio (1949, Isiltasun hitzarmena), La violetera (1958, Bioleta saltzailea), Carlota (1958), La reina del Chantecler (1963, Chanteclerreko erregina) etab. Antzezpena alde batera utzi gabe, film labur bat zuzendu zuen 1946an eta 1952an bere ekoiztetxea sortu zuen, Bosco Films. Haren bitartez zuzendu zuen Segundo López, aventurero urbano (Segundo López, abenturazale urbanoa) bere lehenengo film luzea. Ana Mariscal bere garaiko emakumezko espainiar zuzendari bakarra izan zen, eta Gerra Zibilaren osteko zinemagintzaren aitzindaria.