Margarita Valoiskoa
(Margot Erregina deitua). Nafarroako eta Frantziako erregekidea 1572-1600 eta 1599-1600 urteetan (Saint-Germain-en-Laye, 1553 - Paris, 1615). Henrike II.a Frantziako erregearen alaba eta Henrike III.a Frantziako erregearen arreba zen. Nafarroako errege Henrike III.arekin (1599tik aurrera Henrike IV.a izenez Frantziako errege izan zena) ezkondu zen 1572ko abuztuan, San Bartolome gaueko hilketa baino egun batzuk lehenago, eta badirudi berari esker irten zela senarra bizirik ataka hartatik. Senar-emazteak berex bizi izan ziren luzaroan eta guztiz ospetsuak bihurtu ziren Parisen Margot erreginaren amodiozko ibilerak. Eskandalu haiek ezin eramanik, Auverniako Ussongo gazteluan itxiarazi zuen senarrak 1587an, zeuzkan maitale guztien izenak banan-banan esanarazi ondoren. 1605 arte eduki zuten itxirik. 1599an egin zuten senarra Frantziako errege eta 1600ean lortu zuen dibortzioa errege berriak, emazteak ondorengorik eman ez ziola eta. 1605ean utzi zuten aske Margarita Valoiskoa eta Parisen bizi izan zen azken urteetan. Kultura handiko emakumea zen eta oroitzapen liburu bat (Mémoires) eta poemak idatzi zituen.