Manterola Beldarrain, Jose
Gipuzkoar idazle eta kazetaria (Donostia, 1849 - Donostia, 1884). Hogeita bi urte zituela, Guía manual geográfico-descriptiva de la provincia de Guipúzcoa eman zuen argitara. Institutuko katedradun izan zen 1876 arte. Donostiako Udal Liburutegiko zuzendari ere izan zen. 1877an hasi zen bere lan nagusia argitara ematen: Cancionero Vasco, Euskal Herri guztiko olerki, bertso eta kantuen bilduma; literatura aldetik garrantzitsuagoa da musika aldetik baino. 1880an argitaratu zuen lan horren laugarren liburukia. Urte hartan bertan Euskal Erria aldizkaria sortu zuen. Han idatzi zuten garai hartako euskal idazle eta euskalari gehienek (J.I. Arana, Arrese Beitia, E. Azkue, Echegaray, Abbadie, Vinson, Trueba, Otaegi, Adema, Guilbeau…), euskaraz, frantsesez edo gaztelaniaz. Aldizkari hartan argitaratu zuen Manterolak Post tenebras spero lucem izeneko poema liriko-dramatikoa: Euskal Herriak bere foruak galdu eta, nahigabez betea, egunen batean argia ikusiko duelako itxaropena da gaia. Manterolaren eta Euskal Erria aldizkariaren inguruan idazle mugimendu bat (Arzak, Iraola, Artola, S. Baroja, Soroa…) osatu zen; Donostia ingurua ardatz zutela, euskal literatura bultzatu zuten, antzerkia batez ere.
- mantelina
- mantendu, manten, mantentzen
- mantentzaile
- mantentze
- mantenu
- Manterola Beldarrain, Jose
- Manterola Urigoitia, Gabriel
- mantido
- mantisa
- mantra
- mantso