Manent, Marià
Kataluniar idazlea (Bartzelona, 1898 - Bartzelona, 1988). Poesia idazteaz gainera, itzulpen asko egin zituen. Quaderns de Poesia aldizkaria sortu zuen, J. Foix, C. Riba, T. Garcés eta J. Teixidor-ekin batera. Marià Manent-en poesiak sinbolismoaren eta Txinako lirikaren eragina du. Idatzi zituen lan azpimarragarrienak: La branca (1918, Adarra), La collita en la boira (1920, Uzta lainopean), L’aire daurat (1931, Urrezko airea), La ciutat del Temps (1961, Denboraren hiria). Itzulpenen artean: John Keats-en Sonets i odes (1919), R. Brooke-ren Poemes (1931), Shelley-ren Epipsychidon (1946) eta Poesia anglesa i nord-americana (1955) itzulpenak argitaratu zituen. 1985ean, Kataluniako Letren ohorezko saria eskuratu zuen, eta 1987an, Kataluniako Generalitateak ematen duen literatura saria.