Malkiel, Yakov
Estatubatuar filologoa eta hizkuntzalaria, jatorriz judua (Kiev, 1914 - Berkeley, Kalifornia, 1998). Filologia semitikoa, eslaviarra eta erromanikoa ikasi zituen Berlinen (1933-1938), eta han lortu zuen doktoregoa 1938an. 1940an Estatu Batuetara ihes egitea lortu zuen. Kaliforniako Unibertsitatean, 1947an, Romance Philology aldizkari ospetsua sortu zuen, eta 1965ean Ameriketako Elkarte Linguistikoko presidente izan zen. Dena dela, Malkiel hizkuntzalaritza historikoaren eta diakronikoaren, hizkuntza erromanikoen eta hizkuntzalaritzaren inguruan egindako lanengatik da ospetsu. Kritika lan ugari egin zuen, eta argitaratzaile gisa ere lan egin zuen. 1988an Malkielen lanaren bibliografia analitiko bat argitaratu zen, eta bere lan zientifikoak ere aurrera jarraitu zuen 1990eko hamarraldiaren hasiera arte; osasun arazo larriak izan zituen, eta ikerketak utzi behar izan zituen.