Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maldiva uharteak

(Izen ofiziala, Maldivetako Errepublika; Maldiveraz, Divehi Jumhuriyya). Asia hegoaldeko estatua eta uhartedia, Indiako Ozeanoan, Indiako eta Sri Lankako hego-mendebaldean. 300 km2 eta 350.000 biztanle (2006ko estimazioa, maldivarrak). Hiriburua: Male (104.403 biztanle, 2006). Hizkuntza ofiziala: dhivehi-a (maldivera). Erlijioa: islama (ofiziala eta biztanle guztiena). Dirua: Maldivetako rupia edo rufiyaa. ■ Maldivak dira munduko herrialde txikienetako bat. Britainiarren babespeko herria izan zen 1877. urteaz gero; 1976ko martxoaren 29an britainiar gudarostea uharteetatik joan zen, eta egun horretan ospatzen da herriaren independentzia. 1982. urtetik aurrera Maldivetako errepublika Commonwealth erakundeko kide da. Herri txikia, biztanle gutxikoa eta baliabide eskasekoa izanagatik ere, leku estrategikoan kokaturik baitago, negoziazio ahalmen aski handia du, eta independentziaz jardun dezake kanpo politikan. Bat egiten du elkartasun islamiarrarekin, herrialde ez lerrokatua da, Nazioarteko Ekonomia Ordena Berriaren aldekoa, eta Indiako Ozeanoa bake eremu bihurtu nahi du. ■ Lurraldea. Maldivetako uhartedia koralezko 1.200 uharte eta uharte txikik osatzen dute, eta 3,5 metroko garaiera ez da inon gainditzen. 192 uhartetan bakarrik bizi da jendea. Kokondoak izan ezik, asko baitago, landaredia oso eskasa da. Klima tropikokoa da, montzonikoa. Ez dago uharteetan ez mea hobirik, ez energia baliabiderik. Arrantza da baliabide natural bakarra. ■ Gobernua. Maldivak errepublika presidentzialista dira. Lehendakaria da gobernuburua. Parlamentua bozketa zuzenez hautatzen da eta hark proposatzen du lehendakaritzarako hautagaia, gero herriak berretsi behar duena. Alderdi politikoak 2005ean onartu zituzten eta konstituzioak botoa ematea debekatzen die musulman ez direnei. Hogeita bat barrutitan dago banatua herrialdea. Monarkiatik errepublikarako jauzia egin duen arren, egitura politikoa feudalismoaren garaikoari jarraituz antolatuta dago. ■ Biztanleak. Gizartean biztanleen arteko bereizketa egiten da lanbidearen, familia loturen, aberastasunaren eta abarren arabera; nobleak eta herritar xeheak bereizten dira. Berriki arrazismoari loturiko arazoak sortu dira, atzerriko langileen diskriminazioa batik bat. Demografia datu batzuek aditzera ematen dutenez, aski herri atzeratua da Maldivetako Errepublika: biztanleriaren hazkunde tasa handia da (% 5,5, 2008ko estimazioa); emankortasun tasa ere oso altua da (5,6 haur emakumeko, 2000). Munduko jaiotza tasa handienetakoa du. Bizi itxaropena, ordea, ez da bereziki apala (62,2 urte) eta alfabetatuen kopurua altua da (% 96,3). ■ Ekonomia. Turismoa da Maldivetako ekonomia jarduera nagusia, gaur egun: Barne Produktu Gordinaren % 28 hartzen du, eta atzerriko diru sarreren % 60tik gora. Gobernuak jasotzen dituen zerga sarreren % 90 bat inportazioen gaineko zergetatik dator, edo turismoarekin loturikoetatik; 2006. urtean 467.154 bat turistek bisitatu zituzten uharteak. Arrantza da bigarren sektore nagusia. Maldivetako gobernuak erreforma egitaraua jarri zuen abian 1989an, inportazio kuotak jasoz eta esportazioaren alor batzuk sektore pribatura zabalduz. Horren ondorioz, arauak liberalizaturik, erraztu egin ziren atzerritar inbertsioak. Nekazaritza eta industria bigarren mailakoak dira Maldivetako ekonomian, oso mugaturik baitaude lan daitezkeen lur eremu murritza eta langile falta direla-eta. Oinarrizko elikagai gehienak inportatu egin behar dira. Industriak –jantzigintza, ontziolak eta eskulanak–, BPGren % 15 inguru hartzen du. Arazo larriak dira gaur egun Maldivetan higaduraren eragina eta itsasoko uren berotzea, lurrak oso behereak baitira; eremu osoaren % 80 dago itsas mailatik metro bat behera. Zientzialarien aurreikuspenak betetzen badira, uharte gehienak desagertuko dira datozen ehun urteetan. ■ 2004an tsunami handi batek herrialdea suntsitu zuen; 100 hildako, 12.000 lekualdatu eta 400 milioi dolarretik gorako galerak eragin zituen. Edonola ere, bizkor ari dira Maldivak berrindartzen, eta 2006an %18ko hazkundea izan zuten. ■ Historia. K.a. V. urtean Sri Lanka-ko eta Indiaren hegoaldeko herriak finkatu ziren uharteetan. Herri horiek budistak ziren erlijioz baina, elezaharrak dioenez, santu musulman batek Islamera bihurtu zituen 1153an. 1558an portugaldarrak iritsi ziren; 1573an, Mohamed Takurufar al-Azam buruzagiak uharteetatik kanpora egotzi zituen. XVII. mendean uharteek sultanerri bat osatzen zuten, eta Zeilango buruzagi holandarren babesa onartu zuten piraten erasoetatik begira zitzaten; 1796an britainiarrek Zeilan hartu zutenean haien esku gelditu zen babes-herria. 1953an, uharteek barne autonomia zutelarik, sultanerria errepublika bihurtu zen, baina britainiarrek sultanerria ezarri zuten berriro. 1959an, hegoaldeko zenbait uhartek burujabe izateko eskubidea defenditu zuten eta Suvodivako Errepublika sortu zuten; errepublikak urte bete baino ez zuen iraun. 1965eko uztailaren 25ean Britainia Handiak Maldiva uharteen burujabetasuna onartu zuen; 1968. urteko erreferendumean errepublika onartu zen. Amir Ibrahim Nasir izan zen errepublikako lehen presidentea (1968). 1978. urtean parlamentuak bigarren presidentea izendatu zuen, Maumoon Gayoom, nazioartean ospetsua zen intelektual islamiarra. Gayoomek jarri zuen herria modernotasun bidean, eta berak ezagutarari zuen uhartedia atzerrian. 1988ko abuztuan, bigarren aldiz presidente hautatua izan baino lehen, Maumoon Gayoomek aurre egin zion estatu kolpe saio bati. 75 lagun atxilotu zituzten –Sri Lankakoak gehienak–, eta heriotza zigorrera kondenatu zituzten haietatik 16. 1990eko martxoan, milaka ikasle atera ziren kaleetara herrialde garatuen industria jarduerak Maldivetan dituen ondorio lazgarriengatik protesta egiteko. Hurrengo urtean izan ziren montzoi ekaitzek ekonomia krisi larria eragin zuten 1993 eta 1994an, eta 1992tik zetorren merkataritza krisia erantsi zitzaion horri. Gobernuak merkatu libreko politika bultzatu zuen, eremu guztietan, arrain izoztuarenean ezik. Maumoon Gayoom presidenteak 1993an laugarren agintaldia hasi zuen, eta Defentsa, Nazio Segurtasun eta Finantzen ministerioen buru jarraitu zuen. Urte horietan, eta nahiz eta alderdirik ez izan, ezta oposizio antolaturik ere, atzerrian hezitako gazteak presidenteak ezarririko sistemaren kontra agertzen hasi ziren. Aldi berean, islamista erradikalak ere arazo bihurtzen hasi zen. 1997an, neurriak hartu ziren pobrezia desagerrarazi eta ingurumena babesteko. Urte horretan bertan, Amnesty Internationalek salatu zuen bazirela Maldivetan gutxienez dozena bat preso politiko, Gayoomen kontrako oposizioa adierazteagatik espetxeratuak, epaiketarik eta kargurik gabe haietako asko. 2005ean alderdi politikoak onartu eta prozesu demokratikoa abian jarri zen Maldivetan eta Gayoomen kontra egin izanagatik espetxeratuta egondako Mohamed Nasheek izendatu zuten lehendakari 2008an. 2004ko tsunamiaren ondoren herrialdea suspertzeko ahalegin hadiak egin ditu eta uharteen etorkizunari, langabeziari, gobernuaren ustelkeriari eta gazteen droga kontsumoari buruzko kezka azaldu du.
http://www.maldivesinfo.gov.mv/home/index.php