Malcolm X
(Jaiotza izenez, Malcolm Little). Estatu Batuetako beltzen eskubideen eta askapenaren aldeko higikundeen buruzagi nagusietako bat (Omaha, Nebraska, 1925 - New York, 1965). Aita predikaria zuen eta familiak Ku Klux Klan taldearen erasoak pairatu zituen. Aita hil zutenean ama eroetxe batera eraman zuten eta Malcolm-ek gazteentzako kartzelan igaro zuen haurtzaroa. Ondoren Bostonera joan zen; han drogak zirela eta 1946-53 urteetan preso egon zen. Espetxean musulman erlijiora bihurtu eta Black Muslims (Musulman Beltzak) higikundeko kide egin zen, eta haietako buruzagi nagusietako bat izatera iritsi zen. Eskubide zibilen aldeko higikundeak eta arrazen arteko berdintasuna arbuiatu eta Estatu Batuetako beltzen artean arraza harrotasuna eta abertzaletasuna aldarrikatu zituen. 1964an Elijah Muhammad Black Muslims higikundeko sortzailearekin bat ez zetorrelako taldea utzi eta Afrika-Ameriketako Batasunaren Erakundea sortu zuen. Urte horretan bertan Mekara joan zen erromes, eta handik zuriekin anaitasunean bizi zitekeela sinesberritua itzuli zen. Harlem auzoan hitzaldi bat ematen ari zela tiroz hil zuten. Black Muslims taldeko hiru kideri leporatu zitzaien hilketa.