Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

maki 2

edo makis. (Korsikeraz macchia; Fr. maquis «Korsikako xara»). iz. Okupatzaileen aurka mendira jo duen gerrillaria; mendi gerrilla bera. Maki izena hartu zuten Frantzian alemaniar nazien aurkako gerrillariek (Fr. “prendre le maquis”, «mendira jo») eta izen bera eman zitzaien Espainiako estatuan Francoren erregimenaren aurka 1950. urtetik aurrerako urteak arte mendira jo zuten gerrillariei. II. Mundu Gerran, Espainiako alderdi komunistaren gidaritzapean jardun zuten. Frantzian espainiar burkideez osatutako maki talde gehienek eta 1944ko urrian, Frantziako lurralde gehienetatik naziak kanporatu ondoren, ekin zioten eraso handi bati, Pirinioetan barrena. Bi mila gerrillari inguru igaro ziren erasoaldi hartan Nafarroako mendietatik, baina huts egin zuen saioak alde guztietan, maki gehienak Espainiako gerran eta nazien aurkako gerrillan zailduriko gerrillariak ziren arren. Hego Euskal Herrian ezin izan ziren errotu makiak eta bertan behera utzi behar izan zituzten maki egitura egonkor bat sortzeko saio guztiak.