Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

magnetiko

izond. Imanari dagokiona, imanaren nolakotasunak dituena; magnetismoari dagokiona.  v  Eremu magnetikoa. Imanek, karga elektriko mugikorrek edo elektrizitatea eroaten duten gaiek beren inguruan sortzen duten indar eremua. Eremu magnetikoaren funtsezko magnitudea eremuaren indukzio magnetikoa da (ik. indukzio magnetikoa), B sinboloaz adierazi ohi dena. Indukzio magnetikoak bektore izaera du, eremuaren norabidearen eta noranzkoaren araberakoa baita. Eremu magnetikoaren beste magnitude bat intentsitatea da (ik. intentsitate), H sinboloaz adierazi ohi dena. Hirugarren magnitudea jario magnetikoa da, indukzio–marrez irudikatzen dena. Jario magnetikoaren banakoak weber–a eta maxwell–a dira (weber = 108 maxwell). Tesla bateko indukzioa (tesla = 10.000 gauss) duen eremu magnetiko bat irudikatzeko metro karratuko weber izeneko indukzio lerro bat erabiltzen da.  v  Gai magnetikoa. Magnetismo handiko gaia. Gai baten ezaugarri magnetikoak bere atomoen momentu magnetikoaren eta momentu horien antolamenduaren araberakoak dira. Gai magnetikoen ezaugarri nagusiak hauek dira: irazkortasun magnetikoa (µ sinboloaz adierazten dena); indukzioa; intentsitatea; eta Curie–ren tenperatura (Curie–ren puntua). Gai magnetikoak oso erabiliak dira industrian (iman iraunkorrak, makina elektrikoak, transformagailuak, anplifikatzaile magnetikoak, erreaktoreak, kalkulagailuen memoria, etab.). Hiru multzo nagusitan banatzen dira: diamagnetikoak (eremu magnetikoarekiko kontrako norabidean magnetizatzen direnak. ik. diamagnetiko, diamagnetismo); paramagnetikoak (eremu magnetikoaren norabide berean, baina gutxi eta denbora labur batez magnetizatzen direnak. ik. paramagnetiko, paramagnetismo); eta ferromagnetikoak (eremu magnetikoaren eraginpean indar handiz magnetizatzen direnak, eta, eremu magnetikoaren eragina amaitzen denean ere, imanduta jarraitzen dutenak. ik. ferromagnetismo).  v  Dipolo magnetikoa. Bi polo magnetikoz osatutako multzoa. ik. dipolo.  v  Zirkuitu magnetikoa. Elektrizitate zirkuitu batek edo zirkuitu sistema batek sortutako eremu magnetikoaren indukzio lerroen multzoa. Zirkuitu magnetiko xumeena i korronte elektrikoa daroan n kiribil dituen bobina batek imandutako burdin gozozko eraztun batez osatua da. Zirkuitu magnetikoaren funtsezko ekuazioa Hopkinson–ena da:      
                  Ni = RF.    
Ni zirkuituaren indar magnetiko higiarazlea izanik; F indukzio jarioa, eta R erreluktantzia.