Madril
Espainiako hiria, Espainiako eta izen bereko probintziako eta autonomia erkidegoko hiriburua, Sistema Central (Guadarrama) izeneko mendietatik hurbil, Manzanares ibaiaren ertzetan; 3.270.732 biztanle. Erdi Aroan nekazaritza giroko hiribildua zen, eta erregeen egoitza bihurtu zen 1561ean. Garai hartatik gaur egunera hazkunde ikusgarria izan du: 100.000 biztanle XVII. mendearen bukaeran, 539.835 biztanle 1900ean, 1.088.647 biztanle 1940an, 2.259.931 biztanle 1960an. Hiru eragile nagusi izan ditu hiriaren hazkundeak: emigrazioa, anexionismoa eta heriotza baino jaiotza gehiago izatea. Madril Espainiko estatu osoko emigraziogune nagusia da. Etorkin gehienak inguruetako probintzietatik eta probintzia bereko nekazari herrietatik joandakoak dira. Madrilen industria handi eta garrantzitsu asko bildu da 1960az geroztik eta industria poligonoak antolatu dira hiri nagusiaren inguruan: Aranjuezen, Alcala de Henaresen, Aranda de Dueron, Guadalajaran, etab. Madrilgo aireportua (Barajas), Espainiako estatuko lehena da hegazkin (112.166), bidaiari (10.252.334) eta salgaia (151.667 tona) kopuruari dagokionez. Espainiako administrazioaren goi-erakundeen kokaleku ere bada. Zenbait unibertsitate dago Madrilen, elizarenak eta zibilak. v Historia. Madril hiria musulmanek sortu zuten; Erdi Aroan herri txikia zen, gotorleku baten inguruan bildua. 1083an Alfontso VI.ak konkistatu zuen. 1561ean Filipe II.ak hiriburu egin zuen, klima egokia zuelako eta Hispaniako estatuen erdian zegoelako. Gorteak jende asko erakarri zuen eta XVI. mendearen bukaeran asko hazi zen. Merkataritzak ere hazkunde izugarria ezagutu zuen, eta Madrila bildu ziren aristokrazia latifundistaren errentak eta Ameriketako inperioaren interesak; horren guztiaren ondorioz Madril penintsula osoko finantzagune nagusi bilakatu zen. Erregetzarako gerraren ondoren, hiriak etekina atera zion Espainiak XVIII. mendean zuen ekonomiaren egoera onari. Aurreko mendean sortutako Madrilgo Bost Gremio Nagusietan bildu ziren merkatariak eta finantza gizonak. Biblioteca Nacional (1712), Academia Española (1714), Academia de la Historia (1738) eta Academia de Bellas Artes sortu zirenean nolabaiteko izena hartu zuen Madrilek kulturaren munduan. Madril izan zen liberalismoaren gune nagusietako bat. 1808ko maiatzaren 2ko maxinadatik 1820, 1834, 1854 eta 1868ko matxinada liberaletara, Madrilgo biztanleen jarrera erabakiorra izan zen iraultza higikundeak sendotzeko. Langile higikundean ez zuten horren leku garrantzizkorik izan, industriak indar gutxi zuelako, batez ere. Espainiako Gerra Zibilean Franco jeneralaren gudarosteek 29 hilabetez eduki zuten inguraturik Madril, 1939an hiriak amore eman behar izan zuen arte. v Artea. Austriarrak aginpidean izan ziren garaiaren aurretik ez zen izan Madrilen monumentu edo artelan aipagarririk. Filipe III.ak, Madril hiri handi bihurtzeko asmoz, Plaza Mayor izenekoa eraikitzea agindu zuen (1617an hasia, Gómez de Moraren zuzendaritzapean). Aipaturiko plaza lauki zuzena da, eta hiru solairu duten etxeek inguratzen dute. XVIII. mendeko eraikuntzarik azpimarragarriena Palacio Real edo Palacio de Oriente da. G. Sachetti italiar arkitektoak egin zuen, Filipe V.aren aginduz; aipagarriak dira eskailera eta elipse formako oin planoa duen kapera. Beste eraikuntza aipagarri bat San Francisco el Grande izeneko eliza da (1784), Goyaren eta Zurbaránen koadroekin. San Antonio de la Florida da Madrilgo monumentu azpimarragarriena, Goya margolariak hango hormetan margoturiko freskoei esker. Karlos III.aren aginduz eraiki zen Museo del Prado ezaguna, Juan de Villanuevaren lana, estilo neoklasikokoa. Gaur egungo arkitekturak eman dituen lanen artean Zarzuelako Hipodromoa aipa daiteke (E. Torroja, 1935). v Madrilgo hitzarmenak (1616). Espainiako Karlos V.aren eta Frantziako Frantzisko I.aren arteko hitzarmena (1616ko urtarrilaren 14). Frantziako erregea Espainiako enperadorearen eskuetan zegoen Madrilen, Paviako borrokaren ondoren. Hitzarmen honen bidez Frantziako erregeak Burgundiako dukerria emango zuela, Italiari eta Flandesko Jaurgoari buruz zituen asmoak baztertuko zituela eta Leonorrekin, Karlos V.aren arrebarekin, ezkonduko zela agindu zuen. Hala ere, askatu zutenean ez zituen akordioak onartu eta hitzarmena indarrik gabe geratu zen. v Madrilgo hitzarmena (1621). Espainiako Gortearen eta Frantziako eta Vatikanoko ordezkarien artean sinatutako akordioa. Hitzarmen horren bidez Grisoietako Errepublika Valtelina izenekoaz jabetu zen berriro (1621eko apirilaren 26). Ez zen bete hitzarmen honetan erabakitakoa. v Madrilgo hitzarmena (1721). Espainiaren, Frantziaren eta Ingalaterraren artean egindako hitzarmena, Utrecht, Baden eta Londreseko hitzarmenak bateratzen zituena. Hitzarmen honen asmoa Espainiaren eta Erresuma Batuko Inperioaren arteko arazoak konpontzea zen.