Madril
Espainiako Autonomia Erkidegoa, izen bereko probintziak osatua. Espainiako erdialdeko goi-ordokian dago, Guadarramako mendikatearen eta Tajo haranaren artean. Mugak: mendebalean, Segovia, Avila eta Toledo; eta ekialdean, Guadalajara eta Cuenca. 7.995 km2 eta 4.947.555 biztanle (1991; 618,8 bizt/km2). Hiriburua: Madril. Iparraldea Sistema Centralaren bi ertzek osatzen dute: alde batetik Somosierra, izen bereko mendateak (1.454 m) zeharkatua, bi Gaztelen arteko komunikabide zailena; beste aldetik, Guadarramako mendikatea, Navacerrada eta Guadarrama mendateekin; Peñalara (2.430 m) da gailur nagusia; mendebalean Gredos mendikatea hasten da. Hegoaldean eta hego-mendebalean erliebea leunagoa da. Klima kontinentala da zabaldian (batez beste, 4,9 °C urtarrilean eta 24,2 °C uztailean) eta Mediterraneoz behetikoa iparraldean. Alde horretan euri gutxi egiten du (438 mm), baina mendietan euri eta elur asko izaten da. Zabaldiko landaretza urria da, zenbait zuhaixka eta ibaiertzetan dauden baso batzuk besterik ez baitago. Mendietan, berriz, harizti, pinudi eta artadi asko dago. Ibai nagusia Jarama ibaia da; horren adar garrantzizkoenak Henares, Manzanares, Tajuña eta Lozoya dira. Probintziako urtegi nagusiak Santillana, Manzanares ibaian, eta Puente Viejas dira. Urtegi horien eginkizun nagusia Madrilgo hiria urez hornitzea da. Madrilgo hiria da biztanle gehienak hartzen dituen lurraldea; probintziako gainerako herrietan gero eta jende gutxiago bizi da. Beste probintzietatik etorritako emigrazioak eragin handia izan du hiriburuan. Probintziaren produkzio garbia Espainiako estatu osoaren % 16,5 izan zen 1981ean; hazkuntza ikaragarria izan da ondorengo urteetan. Nekazaritzak 1981ean produkzio garbiaren % 0,38 baizik ez zuen hartzen, industriak % 25,9 eta zerbitzuek % 73,72. Industriako alor garrantzizkoena metalurgia da, eta haren ondoren kimika, eraikuntza, papergintza eta irarlanak, elikagaiak, larrua, ehungintza eta oinetakoak. Probintziaren hiriburua burdinbide eta errepide sarearen erdigunea denez, bertatik igarotzen dira Espainia osoko komunikabide garrantzizkoenak. v Historia. Espainian monarkia konstituzionala eta autonomiak antolatu ondoren, Madrilek Autonomia Estatutua eskatu zuen, eta 1983an onartu zioten gorteek. Lehen hauteskunde autonomikoetan (1983ko maiatzean) PSOE alderdiak erabateko gehiengoa lortu zuen.